GUREAN GAUR

Errefuxiatuekiko elkartasuna, Mugak Zabalduz karabanaren eta Biziren eskutik

Europako egoitza baimenaren aldeko manifestazioa egin dute Mugak Zabalduz karabanan parte hartzen ari diren Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek, Ventimiglian. Italia eta Frantziaren arteko mugan. Ipar Euskal Herrian, berriz, martxa egin du asteburuan Bizi mugimenduak: ostiralean Baionatik abiatu eta larunbatean Hendaiako atxikitze zentrora iritsi ziren, Hobengabeen kartzelei ez! lelopean mobilizazioa egiteko.

Joan den ostiralean irtenda, hamar egunez Siziliako lurretan ibiltzeko asmoa du Mugak Zabalduz karabanak, eta bertan parte hartzen ari Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak. Aldarrikapen ekintza horren helburu nagusia da Europak errefuxiatuen auziari erantzuteko ezarri dituen politikak salatzea. Larunbatean Italian egindako lehen etapan, Frantziarekiko mugan, Europako muga hilgarrienetako bat seinalatu nahi izan dute.

Salerosketa, genero indarkeria eta migranteen esplotazioa ere salatu dituzte. Iazko uztailetik, gutxienez 16.500 migrantek zeharkatu dute Italiako muga, eta adingabeak izan dira horien laurden bat. Mugak Zabalduz karabanakoek salatu dutenez, 12 urte baino gazteagoko haurrek gehiegikeriak eta atxiloketak jasaten dituzte eta Frantziako Poliziak legez kanpo Italiara itzularazten ditu.

Hirugarren aldia da Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek karabana antolatzen dutena. 2016an, Greziara joan ziren, eta iazko udan, berriz, Melillara. Ostiralean Bilbotik irten eta Gasteizen jende gehiago batzeko geldialdia egin ondoren, autobusak Saltera, Gironara, abiatu ziren. Han, penintsulako ehun kolektibotik gora elkartzekoak ziren bidaiari ekiteko. Uztailaren 22ra bitarte, hainbat gune bisitatu eta makina bat protesta egingo dituzte.