GUREAN GAUR

Crida Nacional, Puigdemonten tresna berria independentziarako

Crida Nacional izenpean, idependentzia lortzeko estrategia berria aurkeztu du Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetuak. Udazkenean erabakiko dute alderdi politiko bilakatu edo ez, galdeketa bidez. Esquerrak ez du proiektuan parte hartuko, eta PDeCATek asteburuan erabakiko du zer egin.

Bartzelonako Ateneun aurkeztu zuten astelehenean Crida Nacional egitasmoa, proiektu subiranista berria. Gemma Geis JxCateko diputatuak eta Ferran Mascarell Generalitateko ordezkariak irakurri zuten manifestua. Quim Torra Generalitateko presidentea ez zen egon, Alemaniatik hartzekoa zuen hegazkina atzeratu egin baitzen eguraldi txarragatik. Telefono bidez hartu zuen parte.

Puigdemont bideokonferentzia bidez izan zen aurkezpenean, eta Jordi Sanchez JxC Junts per Catalunya alderdiko liderrak, berriz, gutun bidez eman zuen azalpena. Puigdemonten, Torraren eta Sanchezen ekimenez sortu dute Crida Nacional «mugimendu politiko tranbertsala». Zenbait plataformari zuzenean lotutako mugimendua da: 1-O mugimenduarekin eta Junts per la Republicarekin, esaterako. Puigdemonten hitzetan, plurala eta anitza izan nahi duen errepublikarako bidea egitera doaz.

Mugimenduak hartuko duen noranzkoa zehazteke dago oraindik, baina baliteke hilabete batzuk barru alderdi politiko bilakatzea. Webgune bat irekiko dutela egitura juridikoa erabakitzeko, eta udazkenean egingo duten bileran hartuko dutela azken erabakia. Forma juridikoa zehaztuta, martxan jarriko dute proiektua. Mugimenduaren helburu nagusia «lanabes politikoa eta transbersala» izatea da. Hau da, egungo alderdiez harago joan eta horiek bildu nahi ditu proiektuak.