GUREAN GAUR

Turismo jasangarriaren aldeko kanpaina aurkeztu du Donostiako Udalak

Donostiako Udalak “Love San Sebastián. Live Donostia” kanpaina aurkeztu du. Hiriarekiko eta hiritarrekiko errespetuan eta bizikidetzan oinarritzen da. Bisitariei zuzendutako kanpaina den arren, donostiarren onurarako antolatu den egitasmoa dela azaldu du Eneko Goiak. Hiriko hainbat komertzioen artean zabalduko dituzte kanpainaren mezuak eta informazioa.

Hiriarekiko eta hiritarrekiko errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako turismoaren alde egiten du kanpainak eta udan Donostiara iritsiko diren bisitariei dago zuzenduta. Eneko Goiak eta Ernesto Gascok, Turismo zinegotziak, kanpainaren edukia azaldu dute. Errespetuz hiria ezagutzeko eta eskainitako zerbitzu eta ekimenez gozatzeko hamar aholku ematen zaizkie bisitariei.

Gune publikoak garbi mantentzeko, garraio publikoa erabiltzeko edota bertako kulturaren ezaugarriak ezagutzeko gomendatzen zaie Donostiara datozenei. Eneko Goiak bisitari guztiak ongietorriak direla azaldu du. Donostiaz gozatzeko gonbidapena egin die denei, baina beti hiria eta hiritarrak zaindu behar direla azpimarratuz. Kanpaina berri hau iazko udan turismo ereduaren aurka antolatutako hainbat protesten ondoren iritsi da.

Jende ugari etortzeak eguneroko bizitza aztoratu dezakeela uste duten hiritarrak lasaitzeko egitasmoa dela argitu du Donostiako alkateak. Ernesto Gascok kanpainaren bitartez erakargarritasuna eta hiriaren nortasuna transmitituko dituztela eta kalitatezko turismoaren aldeko apustua egin dutela adierazi du.

Kanpaina euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez garatu da. Gipuzkoako Hotelen Elkarteak, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta San Sebastian Shops elkarteak bezeroen artean zabalduko dituzte kanpainaren mezuak eta informazioa.