GUREAN GAUR

Bizkaiko metalgintzan produkzioa "gelditzeko" deia egin dute sindikatuek ekainaren 6 eta 7rako

Barakaldoko BEC aurrean egin dute agerraldia, Industry Tools azoka zabaldu berritan. Atzo negoziazio mahaieko bilera izan zuten eta Bizkaiko Metaleko Patronalaren (FVEM) jarrera salatu dute. Maiatzaren 23an egin zuten lehenengo greba eguna, eta langileek adierazi dute "nazkatuta" daudela patronalaren "blokeo" jarrerarekin. Langileek salatu dutenez, soldaten igoerari ezezkoa eman zion patronalak, eta baita bajen baldintzak hobetzeari ere, besteak beste. Sindikatuek salatu dute patronalak ez duela negoziatzeko borondaterik izan eta gaineratu dute irtenbidea "kalera irtetea eta produkzioa gelditzea" dela.