GUREAN GAUR

Hondarribiak eta Oriok irabazi dituzte Kontxako banderak

Gizonezkoen kasuan, Hondarribiak etxera eraman du Kontxako bandera. Bi egunetako denborak kontuan hartuta, guztira 6 segundo atera dizkio Oriori. Iaz bezala, beraz, Bidasoa aldera doa Kontxako bandera.
Oriok ez du amore eman estropada osoan eta lehia bizian ibili dira bi traineruak azkenengo metroetara heldu arte. Aparteko estropada izan da, baina, pasa den astean lortutako 5 segundoko abantaila handia izan da. Hondarribia txapeldun, Orio bigarren, Santurtzi hirugarren eta bere txanda irabazi duen Donostiarra laugarren izan dira sailkapenean.
Emakumezkoen banderan, berriz, Orio argi eta garbi gailendu da: 28 segundo atera dizkio GU arraun taldeari bi jardunaldiak kontuan hartuz gero. 'Eusko Tren' ligaz gain, banderarik bereziena ere lortu dute aurtengo denboraldian. Orioren atzetik, GU arraun, Hondarribia eta Hibaika gelditu dira.