GUREAN GAUR

Koldo Tellitu: "Egoera honek balio behar digu gaur egungo hezkuntza sistema zalantzan jartzeko"

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Covid 19aren pandemiak eragindako egoerari erantzun "duina" eman diotela azpimarratu du: "Nahiko pozik gaude, bereziki, ikastola guztiok elkarrekin eta elkarlanean egin dugulako".

Langileen "inplikazioa" eta "ilusioa" ezinbestekotzat jo ditu ikasturte hasiera ona izateko, baina nabarmendu du baliabide gehigarriak behar direla aurrera egiteko. Era berean, adierazi du pandemia honek eragindako egoerak balio behar duela hezkuntza sistema "zalantzan jartzeko".

Hezkuntza sailarekin negoziatzen jarraitu dutela adierazi du, eta baliabide gehigarrien inguruko akordioa lortzeko "gertu" daudela azpimarratu du. Era berean, nabarmendu du hezkuntzan euskarak duen egoerari buruzko zenbait "kezka" ere partekatu dituztela Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin. Zentzu horretan, euskararen egoerari aurre egiteko bide berriak asmatu beharko dituztela adierazi du, "fenomeno berri baten aurrean gaudelako". Horretarako, hezkuntza eragile ezberdinen arteko elkarlana beharrezkoa izango dela adierazi du: "Bestela, jai daukagu".

Ikastolen jaiak bertan behera uztea gogorra izan dela adierazi du, baina urte osoan zehar antolatu dituzten ekitaldiak garrantzitsuak izan direla: "Gure jaiak bizirik eta presente egon dira gizartean urte osoan egin diren ekitaldien bitartez. Guretzat oso garrantzitsua izan da hori". Nolanahi ere, adierazi du beren helburuak ez dituztela bete, eta elkarlana eta komunitatea beharrezkoak izango direla aurre egiteko. 

Elkarrizketa osorik ikus dezakezue www.hamaika.eus webgunean