GUREAN GAUR

Mikel Reparaz: "Ia-ia enfrentamentu zibil bat ikusten ari gara AEBetako kaleetan"

Mikel Reparaz 'Las grietas de América' liburuaren egilea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Raparazek nabarmendu du "gatazka arraziala" eta "gatazka politikoa" dagoela AEBetan: "Estatu Batuak Erresuma Batutik independizatu zirenean, herrialde horren oinarri ekonomikoa eskulan esklaboa zen. Horrek hasiera-hasieratik gutxiengo zanpatu bat sortu zuen, eta horrek indarrean jarraitzen du oraindik".

Zentzu horretan, nabarmendu du Obamaren agintaldiaren "ondorioa" izan dela Trump: ""Black Lives Matter mugimendua Obamaren garaian sortu zen bere politikak salatzeko. Gutxiengoek ikusi zuten, ustez, haiena zen presidenteak ez zituela bere promesak bete".

Era berean, nabarmendu du AEBetako jendartea "erabat polarizatuta" dagoela. Nabarmendu du lehendik zetorrela fenomeno hori, baina Trumpen agintaldiak areagotu egin duela hori: "Ia-ia enfrentamentu zibil bat ikusten ari gara kaleetan". 

Talde supremazistez galdetuta, Reparazek adierazi du "gutxiengoak" direla, baina badutela "indarra" eta "mobilizatzeko gaitasuna". Hain zuzen, kazetariak adierazi du Trumpek badakiela hori, eta horregatik egiten dituela talde horiei buruzko adierazpen horiek: "Gizonezko zuri amorratu horiek behar ditu Trumpek hauteskundeak irabazteko". Zentzu horretan, garrantzitsutzat jo du Trummp ez gutxiestea: "Nazional populismo mugimendu horrek indar handia du munduan: show man bat iruditzen zaigu, baina ez da gutxietsi behar".

AEBetako hauteskundeak hizpide, azpimarratu du AEBetako alderdi demokrata eta errepublikanoa ez direla alderdi politikoak, "erregimenaren bi zutabeak" baizik. Hala ere, Reparazek nabarmendu du "gatazka intergenerazional" bat badagoela, eta belaunaldi gazteek ezkerrerantz daramatela alderdi demokrata. Reparazek adierazi du "ziurrenik" Bidenek irabaziko dituela hauteskundeak, baina ez du argi ikusten presidentetza eskuratuko duenik. 

Reparazek nabarmendu du irailaren 11ako gertakariak "mugarria" izan direla AEBetako historian: "Sekulako trauma sortu zuen, eta oraindik ez dute garaitu. Orduz geroztik, gertaera horrek AEBak baldintzatu ditu".