Gorka Orive EHUko farmazia katedraduna elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Farmazialariarekin aztertu ditugu egoera okertzeko arrazoiak zeintzuk izan diren; adierazi du Gabonen testuinguruan erlaxatu egin direla "elkar erlazionatzeko estrategia prebentiboak", eta horretaz gain, kutsakorragoak diren bariante gehiago daudela azpimarratu du.
Neurri murriztaile gehiago hartu behar diren galdetuta, nabarmendu du "zaila" dela horri erantzutea; izan ere, nabarmendu du kontuan hartu behar dela neurri horiek bestelako zein eragin dituzten. Txertaketa kanpainaren estrategia izan du hizpide farmazialariak, eta nabarmendu du "zentzua" duela pertsona bakoitzaren bi dosiak ziurtatzeak, "Modernak eta Phyzerrek bidali behar dituen dosiak ez baditu ziurtatzen".
Hala ere, azpimarratu du hurrengo aste eta hilabeteetan kanpainaren erritmoa azkartzea "espero" duela, ailegatuko diren txerto gehiagorekin. Txertoek bi injekzio behar dituztela nabarmendu du, eta, bi injekzioak hartu eta 15 egunetara, erantzun inmunologiko bat sor dezakeela.
Noizbait birusarekin infektatuta egon diren pertsonen txertaketa beharrezkoa den geldetuta, nabarmendu du iritzi ezberdinak daudela zientzialarien artean: "Batzuk esaten dute ona dela txertatzea erantzun inmunologiko gogorrago, sendoago eta iraunkorragoa lortzeko". Zentzu horretan, azpimarratu du birusarekin infektatu diren pertsonek sortzen duten erantzun inmunologikoa oso ezberdina dela: "Ezberdina da asintomatikoa izatea, edota Covid19arekin oso larri ospitalean egon izana". Birusarekin infektatu direnen taldea "oso heterogenoa" dela nabarmendu du, eta horren aurrean sortutako "erantzun inmunologikoa" ere oso ezberdina izan daitekeela.
Era berean, Orivek azpimarratu du talde inmunizazioa "era naturalean" lortzeko estrategiak ez duela inolako zentzurik: "Horrek eragiten duen bakarra heriotza gehiago, eta osasun sistemaren presioa igotzea da". Zentzu horretan, adierazi du nahiz eta birus honen aurkako erantzun inmunologiko natural bat izan, bariante berriek berriro infekta ditzaketela herritarrak.
Arrisku faktore arriskutsuenak gizonezkoak, 65 urtetik gorakoak, eta obesitatea dutenak direla azaldu du. Hala ere, emakume gazteen kasuan, esaterako, covid19aren ondorio "kronikoak" dituztenen kopurua ere handia dela adierazi du.
Elkarrizketa osorik ikus dezakezue www.hamaika.eus webgunean.