GUREAN GAUR

Maite Arroitajauregi: "Irudia heltzen ez den sentipen eta bizipenetara eraman gaitzake musikak"

Maite Arroitajauregi Akelarre filmeko soinu bandaren konpositorea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Espainiako Zinema akademiaren aitorpen bat dela dio, eta ongi etorria izan dela. Saria eskuratzeko aukeraz ez du gehiegi pentastu: "Izendatuta egotea iada nahiko saria da", dio.

Soinu banda sortzeko prozesua nolakoa izan den kontatu digu, eta nabarmendu du Arantzazu Callejarekin lan egitea oso naturala, aberasgarria eta erraza izan dela, bien lan egiteko modua antzekoa delako.

Errodajea hasi baino hiru-lau hilabete lehenago elkartu ziren aktoreekin, "ikasteko, kantuak memorizatzeko, ahotsa lantzeko".. Azpimarratu du denen artean aritu zirela abestiei forma ematen. Proiektuaren hasiera-hasieratik egon dela azpimarratu du, eta nabarmendu du hasieratik hartu zutela kontuan bere musika eta bere egiteko modua.

Soinu bandaz galdetuta, adierazi du Pablok argi zuela filmaren kantu nagusia euskal kantu tradizional bat izatea nahi zuela. Era berean, kontatu digu akelarreak deskribatzen dituzten testu historikoak aztertu dituztela, eta bertatik abiatuta saiatu zirela instrumentazioa aukeratzen.

Nyckelharpa instrumentuaz galdetuta, nabarmendu du "fideltasun historikoa" ematen diola soinu bandari, "XV. mendera eramaten gaituelako". Soinu banda osa garrantzitsua dela dio, irudia heltzen ez den sentipen eta bizipenetara eraman gaitzakeelako.

Musikagileak dio COVID19ak filma egiteko prozesuan ez duela eragin handirik izan, baina "pena" duela ezin izan dutelako zenbait esperientzia ekipo guztiaren artean elkarbanatu.

Zinemagintzan emakumeen presentzia oso apurra dela nabarmendu du, batez ere arlo teknikoan. Bere motibazio handiena neskekin lan egitea izan dela dio, eta azpimarratu du soinu banda hobea izango dela filmarekin batera eraikitzen bada.

Elkarrizketa osorik ikus dezakezu www.hamaika.eus webgunean.