Izaskun Fontaneda haur eta nerabeen psikologoa elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Fontanedak nabarmendu du gizartean helduen ikuspegitik hartu direla neurri eta legeak. Era berean, nabarmendu du adin tarte "zailena" dela nerabezaroa, lagunak "behar" dituztelako garatzeko.
Gurasoez galdetuta, adierazi du nerabeen gurasoek ulertu behar dutela egoera zailean daudela, eta aurrera egiten saiatzen ari direla. Zentzu horretan, azaldu du haurren eta nerabeen jarreretan ikusten direla beren sentimenduak: "Ziurtasun falta, beldurra, tentsioa.. arazo horiek ikusi ditut, baina orokorrean, ondo moldatu direla uste dut".
Behar bereziak eta arretarako zailtasunak dituzten haurrez galdetuta, nabarmendu du "are baztertuago" egon direla, eta ez dela beren egoera kontuan hartu. Hala ere, ezinbestekotzat jo du umeak eta nerabeak entzutea aurrera egiteko.
Kirola egiteko debekua ere izan du hizpide, eta nabarmendu du haurrek "helduok baino ezinbestekoago" dutela kirola beren garapenerako. Debekuen ondorioz, tentsioa "akumualtu" dutela dio, eta hori "nabaritu" egin dela.
Era berean, umeei eta nerabeei "ziurtasuna" helarazi behar zaiela adierazi du, eta hori egiteko baliabideak faltaz gero, laguntza eskatzea garrantzitsua dela dio. Hala ere, nabarmendu du familia askoren baldintza sozio ekonomikoek ziurtasuna helarazteko zailtasunak eragiten dituela, eta zentzu horretan, instituzioek ere baliabideak jarri behar dituztela azpimarratu du.
Egoera horren aurrean, kolektiboki pentsatzea garrantzitsutzat jo du: "Eraiki ditzagun espazioak eta sareak arazoei aurre egiteko; eraiki dezagun erresilientzia kolektiboa", azaldu du. Era berean, emozioen eta sentimenduen lanketak cirruculum-ean egon beharko lukeela dio, eta teknologiaren erabileraz galdetuta, adierazi du "ziur" dagoela horrek eragina izango duela haur eta nerabeengan. Hala ere, azpimarratu du haur eta nerabeentzat oso garrantzitsuak izan direla sare sozialak beren harremanetarako, eta konponbideak bilatu behar direla dio: "Mugak eta espazioak jarriz, baina alternatibak emanez".
Elkarrizketa osorik ikus dezakezu www.hamaika.eus webgunean.