Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Madrilen lehertutako lurrikara politikoaz galdetu diogu lehenengo, eta nabarmendu du pandemiak eragindako egoera "zail" horrek gobernu "egonkorrak" behar dituela: "Badirudi batzuk beste interes batzuk lehenesten dituztela".
Eskumenen transferentziaz galdetuta, Zupiriak azpimarratu du Espainiako Gobernuak falta dena betetzeko konpromisoa hartu duela, eta adierazi du beren "betebeharra" dela hori betetzen dutela bermatzea. Oposizioarekin izandako bileraz galdetuta, adostasunerako borondatela dutela azaldu du: "Badago zertaz hitz egin, zer adostu, eta uste dut alderdi guztietatik badagoela horretarako borondatea".
COVID19aren epidemiologikoaren bilakaeraz galdetuta, datozen 15 egunetako datuak ikusi behar direla azaldu du; zentzu horretan, laugarren olatu baterako "arriskua" hor dagoela dio. Txertaketa kanpainari dagokionez, adierazi du "konfiantza osoa" daukala Europako erakundeetan, eta zientziaren eta ikerkuntzaren arloan. Udazkenerako biztanleen %70a txertatzeko helburua "egingarria" dela dio, baina horretarako, bidali beharreko txerto guztiak ailegatu behar direla dio.
Lan gatazkak ere izan ditugu hizpide; alde batetik, azaldu du Sestaoko La Naval zegoen lekuan "jarduera industriala egotea posible bada, eta, gainera, itsas munduarekin lotuta baldin badago,, Jaurlaritzak horren alde egingo duela azaldu du. Azpeitiko Corrugados enpresa ere izan du hizpide, eta azaldu due enpresak ingurugiroari buruzko baldintzak betetzen baditu, Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duela "eragozpenik" ikusten: "Badirudi Azpeitiko Udalak beste modu batera ikusten duela", esan du.
Europako diru funtsak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du etorkizuneko ekonomia "garai berrietara egoikitzeko" erabili beharko liratekeela. Trantsizio ekologikoaz, eta bide horretan hidrogenoak duen paperaz galdetuta, azaldu du Europak hidrogeno bidezko energiak garatzeko erabakia hartu duela: "Digitalizazioarena eta ingurugiroarekin lotutako iraultza berri baten aurrean gaude, eta apustu sendoak egin beharko ditugu iraultza horretatik ondo ateratzeko".
Kulturaren egoeraz galdetuta, azaldu du antzerkia, kaleko antzerkia, eta musika direla sektore kaltetuenak, eta horren ondorioz, arreta "berezia" jarri beharko dela sektore horietan. Netflix Euskaraz! plataformaren ekimenaz galdetuta, nabarmendu du urtero-urtero euskaraz sortutako ikusgaiak horrelako plataformetan egotea bermatu behar dela. Hala ere, oso zail ikusten du Netflix plataforman dauden eduki guztiak euskaraz ikusteko aukera izatea.
Elkarrizketa osorik www.hamaika.eus webgunean.