GUREAN GAUR

Bel Pozueta: "Atxiloketekin Nafarroako eszenatoki politikoa tentsionatu nahi da"

Bel Pozueta EH Bilduko diputatua elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Pasa den asteko eta gaur goizeko atxiloketez hitz egiten hasi dugu elkarrizketa, eta Pozuetaren esanetan, atxiloketa hauen helburua Nafarroako eszenatoki politikoa "tentsionatzea" da: "Badirudi ezkerreko mugimenduetatik zein gazteengandik kuestionatzen diren prozesuak ez zaizkiola baten bati gustatzen; nire elkartasuna eta babesa atxilotuei, eta espero dugu lehenbailehen aske uztea", adierazi du.

Madrilgo hauteskunde kanpaina honetako giroa izan du hizpide, eta nabarmendu du faxismoari ateak itxi behar zaizkiola, eta onartezintzat jo ditu mehatxu eta irainak: "Irainak eta mehatxuak egunero jasotzen ari gara, eta hori da faxismoa normalizatu delako. Onartezina da". Zentzu horretan, nabarmendu du "errespetua" ezinbestekoa dela "elkarrizketa demokratikoa" izateko, eta nabarmendu du faxismoa ezin dela mugimendu ezkertiar batekin konparatu.

Pandemiaren kudeaketaz eta alarma egoeraren amaieraz galdetuta, nabarmendu du Nafarroak burujabetza behar duela eguneroko beharrei nola erantzun erabakitzeko: "Erabakitzeko ahalmena behar dugu Europatik etorriko diren funtsak nola gastatu erabakitzeko, behar ditugun inbertsioak ongi bideratzeko, benetan gure beharrak asetzeko...". Zentzu horretan, nabarmendu du "subiranoak" izatea ezinbestekoa dela, erreminta juridikoak behar direlako baliabideak nola erabili erabakitzeko.

Espetxeen eskumenaren transferentzia izan du hizpide EH Bilduko diputatuak, eta nabarmendu du hori "aurrerapauso izugarria" izango litzatekeela, nahiz eta espetxeetako arau nagusienak Madrildik etorri: "Espetxeen kudeaketa askoz ere humanoagoa garatuko genukeen, kartzeletan dauden pertsonak erdigunean jarriz". Gizarteratze prozesua ere azpimarratu du, "gaitasun eta eskubide guztiekin" eginez.

Sekretu ofizialen legeaz galdetuta, nabarmendu du ez dagoela "borondate politikorik" hori aldatzeko: "Ea ozeanoan giltza hori aurkitzen dute, behar ditugun aitortzak eta egiak ezagutarazteko". Bardenetako tiro poligonoa ere izan du hizpide Pozuetak, eta nabarmendu du "transzendentzia handikoa" gaia dela, eta nafarrek erabaki behar dutela bere etorkizunari buruz: "Ea Espainiako gobernuak onartzen duen nafarrok erabakitzea".

 Pentsioen mugimenduen aldarrikapenez galdetuta, nabarmendu du 1.250 euroko gutxieneko pentsioa bermatu behar dela: "Bizirik gabeko elementu bihurtu gaituzte; gu pentsioen aldarrikapenak jarraituko hemen eta Madrilen".

Marc Parramon eta Amets Arzallusek zuzendutako 'Gau Hura' dokumentalaz galdetu diogu Pozuetari, eta nabarmendu du dokumentalaren trailerrak ikusteak soilik gogorarazten diola zein injustizia handia jasan izan duten, eta zein gogorra izan den prozesu hori guztia. Egileengan konfiantza osoa duela dio, eta urte hauetan jasotako elkartasuna eta babesa eskertu ditu berriz ere.

Elkarrizketa osorik ikus dezakezu www.hamaika.eus webgunean.