GUREAN GAUR

Sare sozialak, ultraeskuinaren komunikazio estrategiaren giltzarri

Gezurra, gorrotoa eta kontu faltsuak triangelu horrek osatzen du ultraeskuinaren komunikazio estrategia. Carles Senso kazetaria Fascismo mainstream (Faxismo mainstream-a) liburuaren egilea da, berak eman dizkigu ultraeskuinaren mezuen gorakadaren eta sare sozialen arteko erlazioaren gakoak.

Diskurtsoaren hedapenean sare sozialek berebiziko garrantzia dute: gorroto diskurtsoak babesten eta sustatzen dituzte, gizartea polarizatuz engagement handiagoa lortzen dute, interakzio gehiago eta, beraz, diru gehiago. Milioika kontu faltsu edo bot erosi ditu ultraeskuinak, mezu berberak behin eta berriro argitaratzeko programatuta daude. Diskurtsoak anplifikatzeko edo albiste faltsu bat azkarrago zabaltzeko erabiltzen dira. "Behin oihartzuna lortuta, komunikabide tradizionalek gezurra egia bihurtzen dute", azaldu du Sensok.

Horren aurrean, komunikabideek "bi polo kontrajarrien dikotomia faltsua alboratu" behar dutela dio Sensok. Bere esanetan, ultraeskuinari beste alderdi demokratiko bat balitz bezala ahotsa eman beharrean, gorroto mezu horiek agerian utzi behar ditu kazetaritzak, herritarren mesedetan. Bitartean, "mezu zuzenekin eta akusazio sinplistekin", oihartzun handia lortu du faxismo mainstream-ak. Eta Senso parafraseatuz, horrela iritsi da ultraeskuina Facebooketik, hautestontzietara.