GUREAN GAUR

Koldo Garcia: "Itxaropentsuak izateko zantzuak baditugu"

Koldo Garcia biologoa elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Covid19ak eragindako pandemiaren egoeraz galdetu diogu lehenengo, eta nabarmendu du "itxaropentsuak" izateko datuak badaudela, Gipuzkoan, Araban zein Nafarroan beheranzo joera ikus daitekeelako. Hala ere, perspektiba ez dela galdu behar nabarmendu du, eta hildakoen datuak "altuegiak" direla azpimarratu du.

Ospitaleetako eta ZIUetako egoerari erreparatu diogu, eta adierazi du Nafarroako txosten epidemiologikoaren arabera, ZIUetan dauden pertsonen erdiak 59 urte baino gutxiago dituztela. Biologoaren iritziz, horrek erakusten du txertoa "eraginkorra" izan dela, pertsonarik zaurgarrienak babestu baititu. Era berean, Garciak adierazi du txosten horren arabera, aldaera britainiarrak bikoiztu egin duela ospitaleratzeko arriskua, eta kutsakorragoa dela.

Txertaketa kanpaina ere izan du hizpide, eta nabarmendu du azken egunetan asko azkartu dela txertaketa kanpainaren erritmoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta zentzu horretan, Osakidetzako langileen lana eskertu du: "Hego Euskal Herrian populazioaren %25ak lehen dosia jaso du, eta eraginkortasuna oso handia izaten ari da. Etorkizunari baikortasunez begiratzen dio biologoak: "Martxa honetan jarraitzen baldin badugu, berri onak izango ditugu uste duguna baino lehenago. Irailerako lor daiteke populazioaren %70ak lehen dosia jasotzea; gakoak dosiak heltzea izango da", azaldu du. 

Hilabete hauetan, fokua neurri murriztaileetan jarri dela aipatu du Garciak, eta beharrezkotzat jo du kutsaketak non gertatzen diren jakitea, ahalik eta neurri eraginkorrenak hartzeko. Bere iritziz, kutsaketak ekiditeko bestelako neurriak falta izan dira sei hilabete hauetan: "Iruditzen zaigu debekuak direla pandemia kudeatzeko modu bakarrak, baina badaude har ditzakegun neurriak: aireztapena, garraio publikoa indartzea..".

Alarma egoera bertan behera gelditzen bada ere, tentuz jokatzeko deia egin du Garciak: "Neke pandemikoa oso handia, baina ez dezagun ahaztu hau egiten ari garela jendeak sufri ez dezan", adierazi du. Zentzu horretan, nabarmendu du Indiako irudiek gogorarazten dutela zer den pandemia hau, baina errealitate hori Euskal Herrian ere izan zela azpimarratu du: "Hemen ere iaz egon ginen baliabide gabe, ohe gabe...".

Txertoaren banaketan izan diren desadostasunak izan ditu hizpide biologoak, eta azaldu du munduko 10 herrialdek eman dituztela munduan eman diren dosien %75a: "Hori oso latza da, eta gainera, birusa mugimenduan dagoen bitartean, aldaera berriak ere izango dira".

Elkarrizketa osorik ikus dezakezu www.hamaika.eus webgunean.