GUREAN GAUR

Mikel Ayestaran: "Netanyahu boteretik kentzeko akordioa lehen urratsa besterik ez da"

Mikel Ayestaran kazetaria elkarrizketatu dugu 'Jerusalen: Santa y cautiva” hizpide hartuta. Israelgo egoera politikoa aztertu dugu lehenengo, eta hain zuzen, Israelgo alderdiek Netanhayu baztertzeko lortu duten akordioa izan dugu hizpide. Zuhurtziaz hartu du erabakiak, eta azpimarratu du "lehen urratsa soilik" dela: "Ikusiko dugu Parlamentuan zer gertatzen den; zortzi alderdiek konpartitzen duten ideia bakarra da Netanyahu boteretik kendu nahi dutela, eta horrela, oso zaila da Gobernua osatzea". 


Gobernu horretako lehen ministroa Bennett izango litzateke, eta azpimarratu du bere boto emaileek "traidoretzat" jo dutela, eta beraz, egoera politikoa "oso konplexua" dela nabarmendu du. Azpimarratu du palestinarrentzat ez duela eraginik izango akordio horrek: "Palestinarrek ez dute ezer aterako gobernu honetatik; Bennetten programaren bigarren puntua da palestinarrek ez dutela inoiz estaturik lortuko". 

'Jerusalen: Santa y cautiva” liburuaz mintzatu da kazetaria, eta nabarmendu du bere helburua izan dela Jerusalemgo bizimodua nolakoa den erakustea. Jerusalemgo egoera "oso aldakorra" dela azaldu du, eta azken sei urteetako giroa "oso lasaia" izan bada ere, gatazka konpondu gabe dagoela azpimarratu du, eta ondorioz, "edozein momentutan" gerta daitezkeela "eztandak". Hala ere, nabarmendu du ez dela gatazkari buruzko liburua, nahiz eta gatazkak baduen tokia.

Jerusalemgo alde zaharreko auzo musulmandar, judutar, armeniar eta kristauaren arteko paseo bat kontatzen du liburuan, eta hain zuzen, azpimarratu du komunitate bakoitzean ere zatiketa ugari daudela. Adierazi du azken urteetan ezagutu dituen pertsonaiak direla liburuaren protagonistak: "Ni eguneroko bizimoduan topatzen ditudan pertsonaiak dira liburuan agertzen direnak; irudi pertsonalak lortu ditut gure arteko konplizitatea dagoelako".

Segurtasun sistema ere izan du hizpide Ayestaranek, eta azpimarratu du Meskiten Lautadan dagoen segurtasun sistema "izugarria" dela: "Gauza bat da ikusten duguna, eta beste bat ikusten ez duguna. Edozein lekutan egon daiteke frankotiratzaile bat. Ezkutuan dagoen sistema hori azaltzen saiatu naiz".

Momentu honetan elkarbizitza ezinezkoa dela azpimarratu du Ayestaranek: "Elkarbizitza amets gisa defendatzea oso ondo dago, baina hiria batzen duen bakarra indarra da, eta indar hori Israelen eskuetan dago oraintxe". Zentzu horretan, azpimarratu du Israel "oso sendo" dagoela, eta AEBetan jarri du fokua: " AEBetatik aldaketarik ez baldin badator, okupazioak aurrera egingo du". Izan ere, azpimarratu du Bidenek "itxurazko" aldaketa egin duela: "Joe Bidenek Obamaren garaiko diplomazia berreskuratu du; ez dut uste aurrerapauso praktikorik ikusiko dugunik".

Azken erasoaldia hizpide, nabarmendu du palesetinarrek bat egin dutela azken erasoaldian, eta ez duela kritikarik entzun Hammasen aurka; hori jo du ezberdintasun nagusitzat: "Hammasek bere borroka Gazara, Israelera, Zisjordaniara eta Jerusalemera zabaltzea lortu du; lehen aldiz palestinarrak bat egin dutela ikusi dut, eta hori oso sentsazio berria izan da".

Leku gatazkatsu bateko kazetaria izatea "erronka pertsonala" dela nabarmendu du, eta adierazi du profesional gisa "oso pozik" sentitzen dela "posizio horretan"; zentzu horretan, nabarmendu du bere lanean interesa ikusten duela, eta horren ematen diola lanean jarraitzeko "itxaropena".

Elkarrizketa osorik www.hamaika.eus webgunean ikus dezakezue.