GUREAN GAUR

The Blue Box: bularreko minbizia etxean detektatzeko gailua

Gernu-froga erraz baten bidez, haurdunaldiaren froga bezalakoa, bularreko binbizia detektatzeko gailua da The Blue Box. Judit Giró biomedikuntzako ingeniari katalanak asmatu du, eta James Dyson saria irabazi du. Orain Kalifornian dago gailua hobetzeko lanetan.

Orain arte, minbizi metastasikoa detektatzeko gai da %95eko fidagarritasunarekin. Helburua da minbiziaren fase goiztiarrenak ere detektatzeko gai izatea, horretarako, entsegu klinikoak hasiko dituzte datozen asteetan nazioarteko ospitale desberdinetan.

Sentsoreen eta adimen artifizialaren bidez funtzionatzen du The Blue Box. Sentsoreek minbizia duten pertsonen eta pertsona osasuntsuen gernuan dauden substantzia kimikoak bereizten dituzte eta adimen artifizialak gaixotasunaren emaitza ematen du. Berehala jasoko dugu emaitza gure mugikorrean, horretarako garatu duten aplikazio batean. Txakurrak minbizia detektatzeko usaimenaren bidez duten gaitasunean oinarritu da Giró gailua sortzeko.

2024.urtean salgai egotea espero du Girók. Bere xedea da etxe guztietan eta emakume guztion eskura egon ahal izatea prebentzioa bermatzeko. Izan ere, garaiz antzemandako kasuen %97a sendatzen dira. Berarekin hitz egin dugu proiektua sakonean ezagutzeko.