GUREAN GAUR

Agus Hernan: "13/13 bezalako auziek eszeptizismoa areagotzen dute"

Agus Hernan Foro Sozialeko koordinatzailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. 13/13 auziko auziperatuekin bilera izan dute gaur, eta nabarmendu du presoen afera konpontze prozesua abian denena, horrelako auziek "eszeptizismoa" areagotzen dutela. Zentzu horretan, 10 urte luzeko auzia izanik, horrek auziperatuetan duen eraginak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du 13/13 auzian ezinbestekoa dela akordio bat lortzea: "Auziperatuak prest daude horretarako; beste aldea ikusi beharko da".

Estrasburgok Espainiako Gobernua zigortu du Tasio Erkiziaren adierazpen askatasuna ez errespetatzeagatik. Albiste ona dela azpimarratu du, baina galdetu du ea noiz arte jarraitu behar duten Estrasburgora joaten.

Azken urteetan presoen arloan eman diren aurrerapausoak izan ditu hizpide, eta azpimarratu du preso gehienak Euskal Herriko edo inguruko kartzeletan daudela, eta gehienak 2. graduan daudela. Hori horrela, oraindik ere ez dela guztiz bukatu beraiek diseinatutako lehenengo fasea. Era berean, nabarmendu du azken urteetan "adostasun handiak" lortu dituztela, eta "konfiantzazko esparruak" sortu dituztela, bigarren faseari ekiteko.

Graduen eboluzioan, baina, Audientzia Nazionalako fiskalaren errekurtsoak topatzen ari direla salatu du, eta gaixo dauden zenbait presoeek ere "konponbide integral" bat behar dutela nabarmendu du. Hori horrela, nabarmendu du presoak prest daudela urratsak egiteko, baina garantiak eskatzen dituztela: "Legedia arrunta aplikatzea". Zentzu horretan, "lobby"-ak oraindik ere pisu handia duela dio, Audientzia Nazionalean batez ere, eta nabarmendu du hori izango dela bigarren faseko korapilorik handiena.

"Errelatoaren batailaz" galdetuta, hiru arloak askatu behar direla dio: "Biktimak, presoak eta memoria". Bere esanetan, estatuko indarkeriaren biktimen arloan atzerapausoak eman dira, eta horietako bat da Gasteizen inauguratu zuten Biktimen Memoriala: "Kontakizunaren borrokan inpultso politikoak daude, eta kontakizun guztiak eskubide berdinekin mahaigaineratu behar dira".