GUREAN GAUR

Kirmen Uribe: "Poesia edozein formatutan bizi daiteke"

Kirmen Uribe idazlea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. New Yorkeko bizitzaz hitz egiten hasi gara Uriberekin, eta bertan, gustura dagoela easn digu: "Hemen ez daukat korrika bizi naizen sentsaziorik; agian, Euskal Herrian, estuago bizi nintzen".


17 segundo poema liburua argitaratu du, eta hain zuzen, poesiaz hitz egiten ekin diogu solasaldiari. Bere esanetan, poesia idaztea eta irakurtzea denbora gelditzea da, barrura begiratzea, norberaren burua libre uztea, eta horretarako denbora behar da. Hortik dator, hain zuzen, poema liburuaren izenburua: '17 segundo'. Bere iritziz, poesia ez da liburuetan soilik bizi: kantetan, musikan... ikus daiteke, eta laburtasun horri esker, poesia edozein formatutan bizi daitekeela nabarmendu du.

Gaur egungo gizarteko zenbait ezaugarriri erreparatuta, ez da oso ohikoa poesia irakurtzea, eta testu sakonak irakurtzeko gaitasun ezak kezkatzen duela dio. Zentzu horretan, adierazi du poesia ez dela hizkuntza "zuzena", eta nabarmendu du haurrei ez dietela sinbolokiko irakurtzen eta lasai irakurtzen: "Askotan idazleak berak ere ez daki zer idazten ari den. Dena ez da zertan ulertu; sentitu poesia, eta kitto". Poema liburu batek egitura duela nabarmendu du, eta adierazi du "ikusten ez diren hariek" egon behar dutela poemen atzean: "Istorio bat kontatu behar du, mundu bat".

Poema liburu berrian, hainbat gai landu ditu Uribek, bere bizipenak oinarri hartuta; intsumisio borroka, heroinak eragindako triskantza edota HIESA, besteak beste: "Hasierako heroinazaleak iraultzaileak ziren, mundu hobe batean bizi nahi zuten; ez zuten lortu, eta mundu artifizialera joan nahi zuten. Hortik idatzi ditut horri buruzko poemak; ez dut alderdi moraletik idatzi, ez zait gustatzen hori". 

Mugimendu intsumisioa izan du hizpide, eta nabarmendu du oso mugimendu "berezia" izan zela, "transbertsala, kaletik jaiotakoa". Hori horrela, idazten ere "intsumisoa" dela azaldu du, eta forma berriak bilatzen saiatzen dela. Liburua "ispilu bat" dela dio: "Gizarte batek bere burua ikusi behar du, eta hor saiatzen naiz gure pozak, gure balentriak eta gure zauriak islatzen", azaldu du.

Elkarrizketa osorik www.hamaika.eus webgunean.