Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Frantziako Kontseilu Konstituzionalak murgiltzea konstituzioaren kontrakotzat jo zuenetik, ez dago argi Ipar Euskal Herriko ikastolen etorkizuna, eta Tellituk nabarmendu du "ziurgabetasun handiz" hasi dutela ikasturtea Ipar Euskal Herrian: "Mehatxua hor dago".
Tellituk lehentasunezko helburutzat jo du euskara, eta nabarmendu du ikasleen euskara gaitasuna garatzeko hainbat estrategia jarriko dituztela martxan beste hainbat eragilerekin elkarlanean. Horrez gain, adierazi du arreta handiagoa jarri beharko dutela ikasleengan, horiek direlako txertoaren babesik ez dutenak. Zentzu horretan, nabarmendu du ikasleen buru osasunari ere erreparatu beharko diotela, eta oso garrantzitsutzat jo du eskola kirola berreskuratzea: "Haurrek muga asko izan dituzte; eskola zein kultura ezinbestekoak dira bai eskola orduetan, bai eskolaz kanpokoetan".
Ikastolen Elkarteko lehendakariak azpimarratu du ebaluazio sistema propioa eraiki beharko litzatekeela, eta garrantzitsutzat jo ditu kanpo zein barne eboluzioak. Horrez gain, adierazi du hezkuntza eragile guztiek irtenbide integralak adostu behar direla segregazioari aurre egiteko.
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuarekin dituzten harremanak izan ditu hizpide Tellituk, eta nabarmendu du ezinbestekoa dela EAEko hezkuntza sistema arautuko duen legea egitea: "Eusko Jaurlaritzak horren apustua egin zuenetik zortzi urte pasa dira; konfiantza dugu aurtengo ikasturtean urratsak emango dituztela".
Ikusi elkarrizketa osorik www.hamaika.eus webgunean.