Bel Pozueta EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen diputatua elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Asteburuan Arrasaten izandako mobilizazioak izan ditu hizpide Pozuetak, eta nabarmendu du "Voxek beste errealitate batean jarri dutela fokua hainbat komunikabide eta instituzioen laguntzarekin: elkarbizitzari aurre egitea, talka egitea, gorrotoa sustatzea...". Adierazi du hainbat erakundek ez diela "mugarik jarri" mezu horiei, eta hedatzen "lagundu" dietela.
Zentzu horretan, nabarmendu du bi eszenatoki daudela: "Giza eskubideak errespetatu behar direla diotenena, eta bestea, gezurrekin sortutakoa". Hori horrela, beharrezkotzat jo du politikoki "argi eta garbi" jokatzea, eta denen artean mezu faxistei aurre egiteko indarra sortu behar dela nabarmendu du. Era berean, Beatriz Artolazabalek Elgoibarren egindako adierazpenekin "VOXek sortutako errrealitate faltsu hori hauspotzen lagundu" duela dio, eta onartezintzat jo du hori.
Sekretu Ofizialaren Legea desagertzeko garaia dela azpimarratu du, eta egia ezagutzea ahalbidetuko duen legea behar dela adierazi du: "Benetako memoria, justizia eta erreparazioa lortzeko egia behar da, eta egia Sekretu Ofizialen Lege horren bidez jakin beharko genuke". Benetako egia ez ezagutzeko interesak daudela salatu du Pozuetak, egia jakiteak ondorioak ekarriko lituzkeelako.
'ALTSASU. Gau hura" dokumentala izan du hizpide, eta nabarmendu du Altsasutik harago, Euskal Herrian gertatu dena ezagutzeko balio duela filmeak. Zentzu horretan, azaldu du beren helburua dela datozen hilabeteetan dokumentala hainbat jaialditan aurkeztea, eta zazpi hilabate barru-edo Euskal Herriko areto eta zinemetan proiektatzen hasiko direla uste du.
Espainiako Gobernuak argindarraren prezioari aurre egiteko hartu dituen neurriak "motz" gelditzen direla nabarmendu du, baina "mugak" jartzeko bidea zabaldu dutela dio. Zentzu horretan, azpimarratu du burujabeak izan nahi dutela energiaren alorrean ere, eta hori erakusteko deitu dutela urriaren 8ko mobilizazioa Lloret de Mar-eko adierazpena sinatu zuten alderdiek.
Espainiako Kongresuako diputatuak adierazi du politika sozialak, planteamendu nazionala eta bakea eta elkarbizitza direla aurrekontuetarako hiru ardatzak. Hori horrela, nabarmendu du lan erreforma bertan behera uzteko leku ezberdinetatik presionatu behar dela PSOE, eta adierazi du beraiek prest daudela presionatzeko.
Kataluniaren eta Moncloaren arteko negoziazio mahaia hizpiode, ezinbestekotzat jo du elkarrizketa: "Bada garaia esertzeko eta kontsentsuetara heltzeko. Ez da erraza, baina ahaleginak egin behar dira".
Ikusi elkarrizketa osorik www.hamaika.eus webgunean.