GUREAN GAUR

Agus Hernan: "%80-90eko adostasuna dago Udaberri Planean"

Agus Hernan Foro Sozialeko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Eusko Jaurlaritzak atzo aurkeztutako Udaberri Plana izan du hizpide, eta nabarmendu du komunikabideek desadostasunean jarri dutela fokua, eta ez adostasunetan. Adierazi du Foro Sozialak "ondo" baloratu dutela plana, eta positibotzat jo dute "biolentzia zikloaren ondotik eraiki behar den bizikidetzaren kontzeptua plano orokorrean ulertzea: "Bertan daude injustizia soziala, pobrezia, aniztasun sexuala...".


Bere esanetan, plan osoa kontuan hartuta, %80-90eko adostasuna dago Euskal Herriko alderdi politiko eta sindikatuen artean; salatu du, ordea, komunikabideek desadostasuna sortzen duen horretan ezarri dutela fokua, "errelatoaren batailako elementua" delako, baina beste guztia "positiboa" dela nabarmendu du. Bere esanetan, planak "ondo erantzuten dio gaur egungo gizartearen konplexutasunari".

Sarek iragarritako mobilizazioaren ondorioz sortu den eztabaida dela eta, nabarmendu du "positiboa" dela 7/2003 legeari buruzko "eztabaida sortzea eta gaia agendan sartzea". Nabarmendu du elkarbizitzan urratsak ematen ari dela Euskal Herria, eta zentzu horretan, azpimarratu du "eztabaida politikoaren eta gizartearen artean sekulako desoreka" dagoela. Ohartarazi du horrek "nekea" sor dezakeela gizartearengan, eta "arriskutsutzat" jo du hori: "Eztabaida politiko-mediatikoan, egoera okerragoa dela dirudi, baina datu objektiboak hartu behar dira kontuan: presoen arloan, biktimen arloan, biktima guztien aitortza, erreparazio eta egiarako eskubidea lortze bidean... urratsak eman dira, armagabetza gauzatu da, ETA desagertu da...". Zentzu horretan, adierazi du eskuin muturrak "asko" baldintzatzen duela erresoluzio agenda.

Aieteko Konferentziaren 10. urteurrenean antolatu dituzten jardunaldiak izan ditu hizpide, eta azpimarratu du "Aieteko izpiritua" berreskuratu nahi dutela: "Gizarte zibilak garrantzia berreskuratu behar du, eta definitu behar dugu zer gelditzen den egiteko". Nazioarteko agenteek bertan hartzearen garrantzia izan du hizpide, eta azpimarratu du nazioarteko komunitaterik gabe, "zailagoa" izango zatekeela prozesua.

Euskal presoen arloan, bigarren fasean "bete-betean" daudela adierazi du, eta zailtasunak ikusi dituztela nabarmendu du Audientzia Nazionaleko lehengo salako Fiskaltzaren eta zaintza epaitegiaren jarreren aldetik. Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena lortzeak gauza batzuk erraz ditzakeela adierazi du, baina ohartarazi du oztopo horiek mugimendu batzuk geldi edo mantsotu ditzaketla. Zentzu horretan, ezinbestekotzat jo du bergizarteratze prozesua "preso guztientzako egina" egotea, prozesu hori presoekin beraiekin egitea: "Hori da prozesua ondo ateratzeko bermea".

Zinemaldian aurkeztu dituzten 'Bolante baten historia' eta 'Maixabel' filma izan ditu hizpide, eta nabarmendu du filmek tratamendu bera izan beharko zuketela komunikabide eta kritikarien aldetik. Hori ez dela horrela izan adierazi du: "Oraindik biktimek ez dute tratamendu bera".

Ikusi elkarrizketa osorik www.hamaika.eus webgunean.