Iñigo Martinez Zaton Elkarrekin Podemos-IUren legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.
Larunbatean, azaroaren 6an, euskal eskola publikoaren aldeko mobilizazioak egin zuen Euskal Eskola Publikoaz Harro! Plataformak Bilbon, eskola "publikoa, euskalduna eta inklusiboa"-ren alde . Bertan izan ziren baita ere Elkarrekin Podemos-IUren kideak: "Manifestazioak arrakasta handia izan zuen, guk ere hezkuntza sisteman hezkuntza publikoa ardatza izan behar dela aldarrikatzen dugu".
Euskal aurrekontuei dagokionean, Martinezek adierazi du balorazioa egiten ari direla eta laster aurkeztuko dituztela zuzenketak. Salatu duenez, gizarte politiketan "beherakada" ematen den bitartean, segurtasun sailerako partidak "handitzen" dira. Kezka adierazi du Osakidetzan 4000 pertsona kaleratu direlako, nahiz eta covidaren aurkako borrokan "lehen lerroan" egon diren; "lehen arreta indartzeko edo osasun mentaleko sarea indartzeko" proposatuko ditu Elkarrekin Podemos-IUk.
Espainiar Estatuko aurrekontuei erreparatuta, EAEk eta Nafarroak jasoko duten aurrekontuen erdia baino gehiago bideratuko dira AHT proiektura. Honen harira azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako aurrekontu proiektuan "ez dagoela ezta euro bat jarrita" Bilboko metroaren 4. eta 5. lineak egiteko.
Madrilgo aktualitate politikoari helduta, lan erreformari buruz aritu da Martinez. "Patronala beti da oztopoa langileen mesedetan egiten den akordio baterako", azpimarratu du. Azken egunean koalizio Gobernuaren baitako tira-birak tarteko, "PSOE da bere burua argitu behar duena", iritzi du; "Ikusi da nor jartzen ari den neurri konkretuak langileak babesteko", nabarmendu du.
Bestalde, Mozal Legea indargabetzea "oso berri positiboa" dela dio, "lege antidemokratikoa" izan zelako. Emango diren aurrerapausoak nabarmendu ditu legebiltzarkideak.
Glasgown ospatzen ari den COP26 bilerari buruz, akordioak betetzeko bermerik ez dagoela dio; "aurretik ere egon dira akordioak eta ez dira bete". Esaldi batean laburbildu du Elkarrekin Podemosen jarrera: "Momentua da sistemari aldaketa bat emateko, kontsumo sistema masiboa aldatzeko eta kapitalismo basatiarekin amaitzeko, sistema justu bat eraikitze aldera".
Ildo honetan, Eusko Jaurlaritzak trantsizio ekologikorako aurkezten ari diren ekimenekin bat ez datozela aipatu du; "2,7 planeta lur behar dira gaurko euskal kontsumoa mantentzeko, Jaurlaritzak ez du inoiz hitz egiten kontsumoa jaistearen beharraz”. Bestalde, energia berriztagarrien garapena "enpresa pribatu multinazionalekin adosten" dutela salatu du. Honen aurrean, "energia publikoan inbertitzea" proposatu du legebiltzarkideak.
Ikusi elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.