EH Bilduk bide emango die Estatuko Aurrekontuei, Espainiako Gobernuarekin lortutako akordio eta konpromisoei esker. Arnaldo Otegik eta Mertxe Aizpuruak prentsaurrekoa eskaini dute gaur Donostian, larunbatean egindako manifestazioaren balorazioa egiteko eta Espainiako aurrekontuen harira iragarpena egiteko. Hala, larunbatean Bilboko kaleak bete zituzten guztiei eskerrak eman die Otegik, bloke herritar eta nazional bat osatzeko biderantz urrats bat eman zela azpimarratuz.
Gaurkoan Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu "Gurean Gaur" Magazinean. Aurrekontuen gaiari helduta, "berri ona da, negoziazio hauetan EH Bilduren espiritua beti izan da jendearentzat onuragarriak, errealak eta praktikoak diren neurriak mahai gainean jartzea" azpimarratu du Ikerrek.
EAEko aurrekontuei dagokionean, "aurrekontu txarrak" direla adierazi du legebiltzarkideak; kontraproposamena landuko dutela eta negoziatzen jarraitzeko borondatea dutela azaldu du. Dena den, aurrekontu hauek Nafarroakoekin edo Madrilgoekin alderatuta "desberdinak" direla nabarmendu du bi arrazoiengatik: EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa dutelako, eta oposizioan ultraeskuina ez dagoelako.
Euskal industriaren egoera aztertu du Casanovak, eta salatu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak ez duela "estrategiarik" Industria Garatzeko Planaren gainean. La Naval ontziolaren etorkizunari dagokionean, EH Bilduren legebiltzarkidearen iritziz "industriak hartu beharko luke proiektuaren zati handiena".
Azaroaren 20an Bilbon EH Bilduk deitutako manifestazioak "aurreikuspenak gainditu" dituela esan du; "Gure alderdi mugimenduaren komunitatea aktibatzea eta berriz elkartzea lortu dugu".
Ikusi elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.