GUREAN GAUR

Irene Larraza, Etxepare Institutua: "Emakumeenganako indarkeria egunerokotasunean dago"

Irene Larraza Etxepare euskal institutuko zuzendaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Euskara eta euskal kultura munduan zehar hedatzeko xede nagusi izanik, hainbat proiektu eta egitasmo ditu martxan institutuak. Horien errepasoa egin du Larrazak eta institutuak aurretik dituen erronken gainean hitz egin du.
Lehenik eta behin, Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna izanik, hari heldu eta horren inguruan galdetu diogu. Begiak zabaldu behar ditugula azpimarratu du, indarkeria mota hau egunerokotasunean ematen dela azaldu du. Horrez gain, egoera honen gainean eta genero diskriminazioarekiko, gizarte osoa kontzientziatu behar dela azpimarratu du, "ez da batzuen kezka soilik izan behar, oro har, indarkeriaren aurka agertu behar gara denok". Berebat, mugimendu feministarekin lerratu beharko ginatekeela nabarmendu du.
Lau urte beteko dira urtarrilean Irene Larraza Etxepare Institutuaren zuzendaria denetik. Euskara eta euskal kultura munduan zabaltzeko lanetan sendo ari dira lanean. Bere ibilbidean, urte guzti hauetan  balorazio bat egin beharko balu, izan duten eboluzioa eta sendotze lanak azpimarratuko lituzkeela azaldu du, hots, helburuak findu eta hemengo eta kanpoko eragileekin harremanak sendotu dituztela. Xede horri heltzeko, oro har, hainbat egitasmo eta proiektu dituzte abian. Esaterako, duela gutxi Flandria eta Euskadiko eragileak elkartu dira bi herrialdeen arteko kultur harremanetan sakontzeko. 
Euskara, euskaldunak eta kultura ardatz, ikusi elkarrizketa osorik hamaika.eus atarian.