Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia izan dugu Hamaika Telebistan.
Audientzia Nazionalak Iratxe Sorzabali ezarritako espetxe zigorraren inguruan galdetuta, eskandalagarritzat jo du "torturatua izan den pertsona bat espetxera bidaltzea, 24 urterako" azpimarratu du. Gaieneratu du "zoritxarrez", Audientzia Nazionalarengandik halako ebazpenak jasotzera "ohituta gaudela". Horrez gain, jarrera horren aurrean, herri honetako arduradun instituzional eta bozeramaile politikoen aldetik "bestelako jarrera bat" espero dutela adierazi du; "Bada garaia errealitatea eta egia onartu eta torturan oinarritutako auzi juridiko guztiak bertan behera uzteko".
Bestalde, Eusko Legebiltzarrak gehiengo zabalaz gaitzetsi egin ditu polizia abusuen legea indargabetzeko saiakerak; horren harira, Rodriguezek dio "pozez" hartu dutela "behingoagatik, horrelako maniobra fraudulentu eta miserable" baten aurrean biktimak "babestu izana".
Ertzaintzako sindikatuek Sorturi leporatu ondoren poliziaren aurkako "gorroto diskurtsoa" izatea, Rodriguezek esandakoak berretsi ditu eta Ertzaintzaren "jarrera korporatibista" salatu du. Polizia eredu berri baten alde egin du, "jokaera demokratikoak dituena, euskalduna eta komunitatearekiko zerbitzura" egongo dena.
Memoria eraikitzeko Gogora Institutuak iragarritako azken ekimenari buruz, Sortuko idazkari nagusiak adierazi du Gogora Institutuaren eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenekin esperientzia ez dela "ona", baina espero duela ekimen hau bideratua egotea "herri honetan izan diren biolentzia guztien aitortzaren bidean", eta ez dadin bilakatu, "beste kasu batzuetan bezala, errelato konkretu bat ezartzeko".
Sorturen hirugarren kongresuaren ondoren, "boterea esparru guztietan lehiatzeko" bokazioa dutela azpimarratu du. Kalean zein instituzioetan "ahalik eta botere gehien metatu" eta "euskal errepublika independiente, sozialista eta feminista" eraikitzeko. Bide horretarako estrategia laburbiltzeko, "sozialismoa ala basakeria", Rosa Luxemburgoren esaldia baliatu du. Izan ere, "ezinbestekoa" iruditzen zaio "zibilizazio berri bat" eraikitzea, "bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituena".
"Bidegurutze historiko" batean gaudela azaldu du, eta bide horretan "indar eraldatzaileok egiten dugunaren araberakoa" izango dela etorkizuna. Amaiurreko guduaz 500 urte igaro diren honetan, herri hau "zutik eta bizirik" dirauela azpimarratu du eta "determinatuta" jarraitzen duela "Estatu propio bat erdiesteko, burujabe izateko".
Elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.