GUREAN GAUR

Ion Paroten eta Jakes Esnalen baldintzapeko askatasun eskaerak onartu dituzte

Ion Parot eta Jakes Esnal euskal presoen baldintzapeko askatasun eskaerak onartu ditu Parisko Dei Auzitegiak. 

1990eko apirilean atxilotu zituzten biak, ETAren Argala komandoko kide izatea leporatuta. Hala, biziarteko kartzela zigorrera kondenatu zituzten. Parotek 2005etik zuen baldintzapean aske gelditzeko aukera. Esnalek, berriz  2008tik. 

Bakegileek eta Bake Bideak mobilizazioak deitu dituzte Baionako, Donibane Lohizuneko (Lapurdi), Donibane Garaziko eta Mauleko herriko etxeen aurrean.

Gaurko erabakiarekin, frogarako epe bat irekiko da ondoko asteetan. Fase hori bi urtekoa izanen da Jakes Esnalentzat eta urtebetekoa Ion Parotentzat. Bi presoak etxean preso egon beharko dira, zaintza elektronikoarekin.