Nagore Iturrioz Steilas sindikatuko bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza Legearen zirriborroa hizpide. Bere esanetan, zirriborroak titulartasun publiko eta pribatua “berdintzen” ditu. Zentzu horretan, nabarmendu du hezkuntza sistemaren “arazorik larriena” den eta “segregazioaren iturri” den dualtasuna “bermatzen eta blindatzen” duela.
Horrez gain, azpimarratu du dokumentuak “ezer gutxi” esaten duela: “Hezkuntzaren inguruko edozein tratatu neoliberal izan zitekeen. Orokortasunean aritzen da, eta gero, hau gauzatzeko dekretuak beharko dira. Dekretu horiek ez dira Legebiltzarretik pasako, Hezkuntza Sailak hartu ahal izango ditu aldebakarrez”. Iturriozek gehitu du dokumentuaren azken xedapenean zehazten dela “urgentziaz” egin ahalko dela hori, eta nabarmendu du hori egiten ari direla dagoeneko.
Iturriozen esanetan, zirriborro hori hezkuntza publikoaren aurkakoa da, eta itunpekoen etorkizuna bermatu nahi izatea egotzi dio Eusko Jaurlaritzari: “Irailetik hona itunpekoen inbertsioa %8,6 igo da jaiotze tasak behera egin duen arren”. Bere iritziz, segregazioa da herri honetako arazorik “handiena”, eta “ulergaitzat” jo du “herri honetako ezkerrak hezkuntza publikoaren alde ez egitea”. Bere iritziz, herrietako arazoak mantendu egingo dira, eta dio herritarrek ikusi egingo dutela hori: “Gatazka honek herri kohesioan du eragina, eta hartzen ari diren erabakiek ez dute gatazka hori konpontzen”.
Zentzu horretan, nabarmendu du hainbat neurri har daitekeela gaurtik bertatik; esaterako, dio matrikulazio leihatila bakarra beharko litzatekeela, baina hori ez dagoela dokumentuan jasota. Horrez gain, planifikazioan eragin beharko litzatekeela dio: “Ikastetxe pribatuen eskaintza mugatu behar da, eta hezkuntza publikoaren eskaintza edo perimetroa handitu”.
Legearen zirriborroak jasotzen duenez, kuotak kobratzeari utzi beharko diote ikastetxe pribatuek, baina Iturriozek salatu du hori gaur egungo legean ere jasota dagoela. Hala ere, salatu du gaur egun doakotasuna ez dela de facto kontrolatzen: “Nola sinetsiko dugu doakotasun hori bat-batean etorrikoa dela?”. Horrez gain, adierazi du euskararen profila zehazteak ez duela bermatzen hori lortuko denik: “Zeintzuk izango dira neurriak? Hori da zehaztu behar dena”.
Iturriozek nabarmendu du euskal eskola publikoa dela herri honek behar duen etorkizuna: “Uste dugu gauzak aldatzeko aukera badugula, eta ozen hitz egiteko prest dagoen hezkuntza komunitatea dugula”. Hori horrela, salatu du aldebakarrez jokatu duten prozesua izan dela, eta hasiera hasieratik ez direla ordezkatuta sentitu, ez eta lege zirriborroaren parte ere. Hori horrela, borrokan jarraituko dutela nabarmendu du: “Guk argi dugu lege honen aurka borrokatuko dugula; momentu historikoa da, eta uste dugu gure gizarteak merezi duela. Eskura ditugun tresna guztiak erabiliko ditugu lege honen aurka egiteko”.
Elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.