Eva Ferreira EHUko errektorea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, Eusko Jaurlaritzaren EHUren aurrekontua igotzen ari da urtez urte, eta hiru arlotan banatu du finantzaketa: oinarrizko finantzaketa, programa kontratuak eta azpiegitura plana. Adierazi du oinarrizko finantzaketaren eta programa kontratuen finantzaketa igotzen ari dela.
Ferreirak nabarmendu du euskaraz ikastea erabakitzen dutenen portzentajea %53-54 artekoa dela, eta adierazi du gutxitzen ari dela eskariaren eta eskaintzaren arteko arrakala: “Eskariaren %97a betetzen ari gara, eta ikusten dugu ikasleen lehenengo aukera betetzen ari dela; hori oso garrantzitsua da”. Horrez gain, Ferreirak adierazi du ingeniaritzarekin lotutako bi gradu gehiago ireki dituztela, bata Donostian, eta bestea Gasteizen.
"Oso positibotzat” jo du munduko 400 unibertsitate onenen artean egotea, eta adierazi du postu horietan mantentzea “hobetzea” dela, unibertsitate guztien helburua delako hobetzea: “Esfortzu handia suposatzen digu postu horietan mantentzeak”.
Ferreirak adierazi du EHUren erronketako bat dela ingeleraren eskaintza zabaltzea, “erabilgarria” delako unibertsitatea erakargarriagoa izan dadin atzerriko ikasleentzat, irakasleentzat eta ikerlarientzat. Zentzu horretan, adierazi du saiatzen ari direla graduondoko ikasketetan zein gradu batzuetan eskaintza hori handitzen.
Ferreirak nabarmendu du unibertsitateak “egonkortasuna” behar duela legeei eta hezkuntzari dagokionez, eta etorkizunari begira “lasaitasunez” aritzeko. Langileen egonkortasunari dagokionez, adierazi du egonkortasuna “handitzen” ari dela: “Gutxitzen ari gara tesia amaitzen denetik lanpostu bat lortzerainoko denbora”.
Datozen urteetako erronkatzat jo ditu, besteak beste, erizaintzako eta medikuntzako eraikina amaitzea eta aliantzak lortzea: “Gure gizartea unibertsitatearen erdigunean jarri nahi dugu, eta horretarako, ezinbestekoak ditugu tokiko eta nazioarteko aliantzak”. Hori horrela, nabarmendu du datozen urteetako plan estrategikoa unibertsitate osoarekin egin dutela, eta argi dutela norabidea: “Elkarlanean definitu dugu zer nahi dugun”.
Elkarrizketa osorik, hamaika.eus atarian.