Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidentea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, beharrezkoa da alderdi politikoek beren artean hitz egitea: “Elkarrizketak egin behar ditugu, denbora hartu, eta uste dut momentu ona dela hori egiteko”. Zentzu horretan, nahiz eta hauteskunde garaia izan, uste du alderdi politikoak gai direla politika egiteko.
Atutxaren esanetan, EH Bilduk Madrilen ditu “oinak” askotan, eta azpimarratu du Madrilen eta hemen akordioak lortzeko exijentzia maila ez dela “parekoa”; hori horrela, azpimarratu du Madrilgo Gobernuak “mahai gainean jartzen duena” onartzen duela askotan beste akordio batzuk dituztelako.
Hezkuntza Legearen zirriborroa izan du hizpide, eta nabarmendu du orain ez dela alderdi politikoen momentua: “Ez dezagun titular bategatik egindako lan guztia bertan behera jausten utzi; orain eragile akademikoen eta eskola inguruko eragileen momentua da”.
Trantsizioa energetikoaz galdetuta, nabarmendu du alderdi politikoek argi dutela helmuga, eta bidea dela adostu behar dena. Zentzu horretan, uste du EH Bilduren “aldaketak” akordioranzko bidea zabaltzen duela. Izan ere, argi du EH Bilduk irizpide aldaketa izan duela: “Aldaketa hor dago; bideoteka hor dago, eta EH Bilduk antzeko proiektuei ezezkoa eman die”. Hala ere, nabarmendu du “pozarren” ikusten duela Norvegiako eredua hain babestua izatea oro har hemengo alderdi batzuen patetik.
Espainiako Gobernuarekin harremana badagoela zehaztu du, baina salatu du adostutako hainbat gauzatan ez dutela aurrerapausorik ikusten. Transferentzien kudeaketari dagokionez, nabarmendu du Espainiak jarri zuela egutegia: “Onartu dugu atzerapauso batzuk nahitaezkoak izan direla, baina beldurra ematen digu legegintzaldia amaitu baino lehen gai izango al den Espainiako Gobernua hitz emandako guztia betetzeko”. Zentzu horretan, nabarmendu du legea betetzea besterik ez dela.
PPri dagokionez, adierazi du berriro bere profil ideologikoa erakutsi behar duela, ikusteko ea Feijook aldaketa dakarren edo ez. Uste du EAJren eta Feijooren arteko bileraz “espekulatu” dela, eta horri erantzunez, nabarmendu du alderdi politiko guztiekin hitz egin behar dela. Hori horrela, adierazi du Madrilen ez direla Feijooren edota Sanchezen ordezkari, baizik eta “beren alderdiari botoa ematen dioten herritarren ordezkari”.
Autogobernua hizpide, nabarmendu du ez duela uste alderdi politikoek beren agenda politikotik kendu dutenik. “Aurtengo pleno orokorra berezia izan da momentu ekonomikoa ere oso berezia izan delako, eta ardura fokalizatuta zegoelako, baina Estatutuaren betetze horren gainean benetako ardura dugu”.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusigaiak “eskarmentu handia eta luzea” duela dio: “Oso ondo ezagutzen du Bizkaia, eta oso ondo ezagutzen du herririk herri dauzkagun, lehentasunak, beharrak eta martxan dauden proiektuak”.
Elkarrizketa osorik, hamaika.eus-en.