GUREAN GAUR

Gaztelaniazko ikus-entzunezkoak dira nagusi udalerri euskaldunetako gazteen artean

Gazteek kontsumitzen dituzten eduki gehienak gaztelaniaz sortutakoak dira alde handiz. Ondorio hori erator daiteke Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz egin duen ikerketatik. Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dituzte emaitza horiek, gaur, Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak eta Gari Goikoetxea ikerketa egin duen teknikarietako batek.

Uemako herrietako datuak dira jasotakoak; hots, gune soziolinguistiko euskaldunenetakoak eta 9 eta 17 urte bitarteko herritarren kontsumoa ikertu dute, ia 11.600 inkesta eginda.

Iraitz Lazkano Uemako lehendakariaren esanetan, “beharrezkoa eta urgentea” da ikus-entzunezkoen gaiari heltzea, egoera “abiada bizian aldatzen” ari baita. Gazteengana iristeko gakoa fikzioa dela esan du Lazkanok, eta nabarmendu du arlo horretan “apustu sendoago” bat behar dela.

Telebistaz gain, plataforma digitalek eta sare sozialek duten eginkizunaz ere mintzatu da Lazkano. Plataformei dagokienez, adierazi du euskararen presentzia “mugatua” dela.