Javier Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko historialaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.
Espainiako Gobernuak Memoria Demokratikoaren Legea izan du hizpide, eta nabarmendu du “nahita” egin dutela: “Nire inpresioa da urte asko pasatzen direnean hil egiten direla biktimak eta biktimarioak, eta orduan errazagoa da erantzukizunak difuminatzea”. Bucesek dio ez dela kasualitatea legea orain iristea, eta nabarmendu du inpunitate hitza ere datorkiola burura: “Orrietan egia, justizia eta erreparazioa kontzeptuak agertzen dira, baina egia ezin bada kontsultatu ezin dugu egia osorik lortu”.
Legeak jasotzen du gorpuzkiak berreskuratzea eskubidea izango dela, eta Estatua egingo dela bilaketa horien kargu. “Sinbolikoki” oso garrantzitsutzat jo du hori: “20 urte daramatzagu gauzak egiten boluntario askorekin eta diru gutxirekin, baimenak eskatzen udalei, hilerrietan lanean.. oso konplexua izan da orain arte, eta aurrerapauso handia da gauzak ondo egiteko”. Era berean, garrantzitsutzat jo du hainbat gune historiko memoria gune izendatzea, horrek balioko duelako jakiten zer gertatu den.
1978tik 1983ra bitartean gertatutako giza eskubideen urraketetan fokua jartzea pauso “handitzat” jo du. Izan ere, bere iritziz, horrek demostratzen du trantsizioa ez dela “hain modelikoa” izan: “Epe hori jartzean demostratzen da historialari guztiok dakiguna: trantsizioan ere, frankismoan bezala, indarkeria politiko eta estatala existitzen zela. Inpunitateak jarraituko du, metodologia berdina izango delako, baina sinbolikoki garrantzitsua da”.
Bucesek dio Espainian frankismo soziologikoa existitzen dela; hori horrela, nabarmendu du ez dakiela zer gertatuko den alderdi eskuindarrak Moncloara iristen badira. Nabarmendu du barne ministerioaren “obsesioa” izan dela independentismoaren deskalifikazioa eta mugimenduari zilegitasuna kentzea, eta obsesio horrekin frankismoa zuritu dutela, “nahigabe edo nahita”.
Era berean, nabarmendu du estatuko biktimek bigarren mailako biktima izaten jarraituko dutela lege honekin, egia, justizia eta erreparazioa terminoei erreparatuz gero: "Sekretu Ofizialaren Legea ez bada aldatzen, historialariok ezin dugu jakin benetan zer gertatu zen”. Hala ere, nabarmendu du oso zaila dela egia oso jakitea: “Lehenengo pausoa da gorpuzkiak aurkitzea, baina oso zaila da gero zein diren jakitea; dokumentuak eta artxiboak denbora luzez itxita egon direlako, eta lehen mailako biktimak hiltzen ari direlako”.
Elkarrizketa osorik, hamaika.eus-en.