GUREAN GAUR

Eneko Andueza, PSE-EE: "Egoerari aurre egiteko funtsezkoa da aurrekontu sozialak edukitzea"

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrekontuen negoziazio prozesua izan du hizpide, eta ezinbestekotzat jo ditu “aurrekontu sozialak egoerari aurre egiteko”. Era berean, adierazi du espero duela aurten ere EH Bilduk zein Elkarrekin Podemosek aurrekontuak babestea.

Sistema fiskalari dagokionez, adierazi du “garrantzitsua” dela sistema fiskala mantentzea eta gaur egungo diru sarrerak mantentzea, eta ahal bada handitzea: “Progresibitatearen arabera beste era bateko neurri fiskalak hartzeko moduan gaude; guretzat funtsezkoa da gehien dutenek gehiago ematea". Hala ere, uste du gai horri buruzko “hausnarketa sakona” egin behar dela, baina dio oraingo fiskalitatea “ona” dela, eta ez du uste hori aldatzeko unea denik.

Anduezaren esanetan, deflaktazioa ajuste neurri bat izaten da, eta uste du ez dela positiboa ez negatiboa, “teknikoa” baizik, eta “ontzat” jo du Diru-Sarrera Bermatzeko Errenta berritzeko Elkarrekin Podemosekin lortutako ituna.
Energia arloa izan du hizpide, eta adierazi du energia berriztagarrien arloan pausoak eman behar direla: “Euskadin autosufizientzia handiagoa behar dugu eta horretarako azpiegitura gehiago behar ditugu”.

Hezkuntza Legearen aurreproiektuan euskararen “ezagutza” bermatzen dela dio: "Orain daukagun lege proiektuan euskararen ezagutza bermatzen da, baina kontutan hartu behar da mundu globalizatu batean bizi garela, eta oso garrantzitsua dela beste hizkuntzak ere jakitea; oreka hori bermatuta dago aurreproiektu honekin”. Era berean, adierazi du “erronka nagusia ez dela jakitea, erabiltzea baizik”.

Donostiako alkategaia aukeratzeko prozesua “gardena” eta “eredugarria” izan dela azpimarratu du, eta alderdiaren barruan duen rola azpimarratu du: “Ni ez naiz ezkutatzen, eta nire alderdiaren iritzia publiko esaten dut. Alderdiaren iritzia da nire ahotik ateratzen dena, ez Enekorena”.

Elkarrizketa osorik, hamaika.eus-en.