GUREAN GAUR

Euskaldunak nondik gatozen ahantzi gabe, 'sorionekuak' gu

Euskaraz idatzitako orain arteko testu zaharrena aurkitu dute Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariek Nafarroan. Eskuin esku baten forma du, brontzezkoa da, eta lau lerroko inskripzio bat dauka. Lehen hitzak zuzenean lotzen du gaurko euskararekin, 'sorioneku', baina, ondorengo guztiek ez dute inolako antzik gaur egungo euskararekin. Aurkikuntzak frogatu du inguru horretako herritarrek baskonikoz hitz egiten zutela garai hartan, eta hizkuntza horretan alfabetatuta zeudela.

Pieza hau Irulegiko baskoi herrixkako etxe baten hondakinen artean aurkitu zen, Sertorioren gerran Kristoren aurreko 82 eta 72 urteen artean erre zena. Testurik luzeena da orain arte hizkuntza baskonikoan agertu direnen artean. Pieza antza etxekoei edo bisitariei zoriona opatzeko eta zoritxarra uxatzeko objektu bat da, objetu apotropaiko bat.