GUREAN GAUR

Ane Abanzalategi: "Pozgarria da Durangoko Azoka ohiko formatura berreskuratzea"

Ane Abanzabalegi Durangoko Udaleko Herrigintza zinegotzia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Nabarmendu du benetan “pozgarria” dela Durangoko Azokaren ohiko irudia berreskuratzea: “Euskal kultura ez dago bere unerik onenean, baina argi daukagu horren aldeko bultzada egin behar dela; Durangoko Azokak bizipoza ematen dio Durangori".

Plateruenaren irekiera izan du hizpide, eta nabarmendu du hiru helburu izango dituela: euskalduntzea, kultur eragileentzako lekua eta euskal sortzaileentzako plaza izatea: “Udalak diagnostiko bat egin zuen, eta paraleloki, ‘Plateruena eta gero zer?’ plataformak ere bere prozesua egin zuen. Diagnostiko horien ondoren, helburu berdintsuak zehaztu genituen, eta hortik abiatuta, erabaki genuen zelan zabaldu eta zein formatutan”. Zentzu horretan, dio “kudeaketa publikoaren” aldeko apustua egin dutela “kultura publikoa eta duina” nahi dutelako: “Aurreproiektu bat landuta genuen, eta 2023 hasieran proiektua lizitatzeko asmoa daukagu amets hau egi bihurtzeko”.

Abanzabalegik azpimarratu du EH Bilduk Hego Euskal Herrirako “proiektu estrategikoak” jarri dituela Madrilgo aurrekontuen “negoziazioen erdigunean”, eta dio Correos eraikinerako lortutako diru-laguntza horietako bat dela: “Egunerokotasunean, kultur etxearen beharra dute herritarrek, eta espazio ugari sortzeko aukera emango digu proiektu horrek”.

Trantsizio energetikoari dagokionez, Abanzabalegik nabarmendu du Durangoko Udalak 1.200 plaka fotovoltaiko jartzeko proiektua aurkeztu duela, eta hainbat guneren autosufizientzia energetikoa lortzea duela helburu. Era berean, tren estazioaren inguruan eraikitzekoak ziren proiektu urbanistiko handia ere izan du hizpide: “Durangoko Udalak antolatutako herri galdeketan 7.000 pertsona baino gehiagok egin zuten berba, eta esan zuten ez zutela aurreko proiektuarekin aurrera egin nahi”. Hori horrela, dio negoziazioak martxan daudela, baina tren estazioko eremutik haragoko proiektua izatea nahi dutela: “Berdegunea nahi dugu eta etxebizitza gutxiago eraiki nahi ditugu eremu horretan, 240 etxebizitza publiko ere eraiki nahi ditugu…”

Legegintzaldiaren balorazio “positiboa” egiten dutela dio: “Gauza asko egin ditugu, baina gehiago dauzkagu egiteko. Gauzak berreraiki egin behar izan dira, baina beti aurrera begira”.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.