GUREAN GAUR

Mikel Arruabarrena: "Osakidetzan lan gatazkak gertatzea naturala da"

Mikel Arruabarrena EAJko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Osakidetzako krisia izan du hizpide, eta azpimarratu du Osakidetzan lan gatazkak gertatzea “ia-ia naturala” dela. Horrez gain, nabarmendu du Sagardui “ia egunero” ari dela azalpenak ematen kontrol batzordeetan edota legebiltzarrean, eta adierazi du elkarrizketaren bidea “zabalik” dagoela: “Hurrengo asteetan ikusiko dugu ziur aski nola lasaitzen diren urak”.

Era berean, nabarmendu du Osakidetzari askotan leporatzen zaiola murrizketak egin izana eta pribatizazioa, eta biak gezurtatu ditu: “Osakidetzaren aurrekontuak gora egin du azken 10 urteetan, eta datorren urteko aurrekontuetan inflazioa baino igoera handiagoa aplikatu zaio Osakidetzaren aurrekontuari; murrizketarik ez dagoela datu objektiboa da”. Pribatizazioari dagokionez, azpimarratu du Osakidetzan “dena” dela “publikoa”: “Ez dugu hitzarmenik egin kudeaketa publiko pribatua izateko, eta etorkizunean ere horrela jarraitzeko intentzioa daukagu". Horrez gain, gehitu du gizarteak ere baduela lana lehen arretako eta pediatriako langileei “prestigioa ematen".

Aurrekontuen negoziazioari dagokionez, azpimarratu du horiek adosteko “gogoa eta jarrera” eduki duela Jaurlaritzak. Ordea, dio testuingurua “gakoa” dela beste alderdien jarrera ulertzeko, hauteskundeak gertu daudelako. Hezkuntza Legearen zirriborroaren aurkako protestak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du Bildarratzek “sorpresaz” hartu zuela greba deialdia: “Oraindik ez daukagu testurik; oraindik ez da greba egiteko momentua. Itxaron dezagun sindikatu eta eragileen proposamenak entzunda osatzen den testuari”. Alderdiak adostasunak lortzeko gai izango direla baieztatu du.

Horrez gain, azpimarratu du ez dela onargarria Auzitegi Konstituzionalaren erabakia: “"PPren aldarrikapen politikoei men egin die Auzitegi Konstituzionaleko kide batzuk; epaitegietatik politika egitea ez da onargarria”. Gehitu du “min handia” egin diola demokraziari, eta “aurrekari arriskutsua” jartzen duela: “Edozein parlamentarik martxan dagoen aldaketa judizial bat geldiarazi du epaitegien bitartez, eta horrek oso aurrekari arriskutsua jartzen du”.