GUREAN GAUR

Nerea Kortajarena, EH Bildu: "Bilera batek ez ditu Osakidetzako arazoak konponduko"

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Nabarmendu du Donostialdeko ESIan orain “piztu dela sua”, baina salatu du “arazoa” lehendik zetorrela: “Oinarria da Osakidetzak arazo estrukturalak dituela, eta horiei heldu ezean, egun gutxiren barruan izango dugu beste sute bat". Horrez gain, azpimarratu du Sagarduik ez dituela azalpenak eman, eta “karpetazoa” eman diola auziari. Horrez gain, nabarmendu du Osakidetzako murrizketak “konstatazio bat” direla: “Sagarduik udan aipatzen zuen kultura aldaketa hori gauzatzen ari dira, eta hori ikusten ari gara egunerokotasunean”.

Kortajarenak azaldu du EH Bilduk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrekontuen aurka bozkatuko duela bihar, aurrekontu “kontinuistak eta kontserbadoreak” direlako, eta “iraungita” jaio direlako: “Ez dira herritarren beharrei erantzuten dien aurrekontuak”. Zentzu horretan, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma “aukera galdua” izan dela dio, eta horregatik joko dutela “abstentzio kritikora”: “Erabaki dute egungo babeserako partida ez handitzea, eta etorkizunean ere ez gehiago gastatzea”

Hezkuntza Legeari dagokionez, azpimarratu du Hezkuntza Akordioan adostutakoa legean jasotzea dela beren erronka. Era berean, garrantzitsutzat jo du hezkuntza komunitateko eragileak entzutea.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Zigor Kodearen erreformaren tramitazioa geratzeko erabakia “eskandalua” dela dio, eta nabarmendu du epaitegi hori bera “demokraziaren limiteetatik kanpo kokatu” dela: “Espainiako Estatuaren demokraziaranzko saiaketa ororen aurrean altxa egiten da eskuin politiko eta mediatikoa, eta disimulurik gabe defendatzen dituzte beren interesak; hori da 78ko erregimena”. Uste du Espainiako Estatuko “ezker plurinazionalaren erantzun bateratua” behar dela.

Energia sektorea ere izan du hizpide, besteak beste, eta nabarmendu du ezinbestekoa dela sektorean interbenitzea, eta herritar guztientzako energia eskubidea bermatzeko neurri estrukturalak behar direla dio.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala “emozio handiz” bizi izan zuen Kortajarenak: “Feminismoak blaitu du bertsolaritza, eta horrek ez dauka atzera bueltarik”.

Euskal presoen egoeraz ere mintzatu da eta nabarmendu du “kezkaz” hartu dituela hainbat presoren 3. graduen erregresio erabakiak. Zentzu horretan, azpimarratu du giza eskubideen alde dauden herritar guztiek Sarek urte bukaerarako eta urtarrilaren 7rako antolatutako manifestazioekin bat egin beharko luketela.

 

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.