GUREAN GAUR

Leixuri Arrizabalaga: "Gasteizko zentroa eraikitzeko erabakia aldebakartasunez hartu dute"

Leixuri Arrizabalaga EAJko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Pentsioen erreforma izan du hizpide, eta nabarmendu du ez dutela horren inguruko eskumenik: “Nahi nuke pentsioen eskumena Euskadin izatea eta guk lantzea sindikatuekin eta eragile guztiekin, baina ez daukagu eskumenik”. Gehitu du hemengo pentsionisten “forma, modua eta lekua ez dela beti egokiena izan”, Euskal Herriko pentsionisten mugimenduak “Euskadin jarri duelako pentsioen fokua Madrilen jarri beharrean”.

Indarkeria matxistari aurre egiteko neurri berriak izan ditu hizpide, eta azpimarratu du euskal erakunde guztiek “gaitz” horri aurre egiteko “apustu irmoa” egiten dutela. Biktimei arreta eta laguntza emateko, ezinbestekotzat jo du erakunde ezberdinen, erakunde barruko departamentuen “elkarlana” eta “baliabide ekonomikoak” eskaintzea. Zentzu horretan, abortatzeko eskubidearen aurkako adierazpenak “emakumeen kontrako eraso zuzentzat” jo ditu, eta dio emakumeek eskubidea izan behar dutela ama izan edo ez izan “modu librean” erabakitzeko, “segurtasunez eta duintasunez”.

Arrizabalagak salatu du Gasteizko errefuxiatuen zentroa eraikitzeko erabakia “aldebakartasunez” hartu duela Madrilek, eta gehitu du beren ereduaren aurkakoa dela: “Guk hemen norbanakoaren beharrizanetan jartzen dugu fokua, eta Espainiatik datorren proiektuak kolektibitatearen printzipioa ezartzen du. Pertsona bakoitzak banakako bultzada behar du, eta ez kolektiboa”. Zentzu horretan, gehitu du Gernikako Estatutua betetzea ez dela “kromo partida bat”, “legea betetzea” baizik, eta dio euskaldunak “hobeto bizitzeko” erreminta dela, “transferentziak gertutasuna esan nahi dutelako, eta gure gauzak hobeto kudeatu ahal izatea”.

Osakidetzako egoera ere izan du hizpide, eta nabarmendu du arazoa ez direla itxaron zerrendak soilik, eta arazoa “sakonagoa” dela: “Pandemiatik irteten ari gara oraindik, eta erronka berriak ditu gizarteak: gaixo gehiago ditugu, biztanleria zaharkituta dago, gaixo kronika asko dago, azpiegitura berriak behar ditugu… Giza baliabideak beharrezkoak dira, eta egia da espezialitate batzuk falta direla, eta horri gehitzen badiozu, pandemiatik irten edo irteten ari garela, sakoneko arazoekin aurkitzen gara”. Zentzu horretan, dio Osakidetzak “erronka berriak” dituela, eta Osasun Saila “arreta optimizatzeko plangintza” bat egiten ari direla. Gehitu du Eusko Jaurlaritzak Osakidetzaren aldeko “apustu irmoa” egiten duela.

Hainbat epaitegik hizkuntza eskakizunen aurkako hartutako erabakien kontra agertu da legebiltzarkidea, eta azpimarratu du euskaldunek euskaraz bizitzeko eskubidea dutela eta administrazioak hori bermatu behar duela.

Ez du uste autogobernu ponentzia mahai gainera ateratzeko “unea”denik, “hauteskunde garaia” delako. Adierazi du Madrilera eraman aurretik, euskal alderdiek adostasunak lortu beharko lituzketela; zentzu horretan, EH Bilduk “aurpegi errealistagoa “erakutsi beharko lukeela dio, eta uste du euskal alderdi sozialista “asko urrundu” dela autogobernuaren ponentziatik.