GUREAN GAUR

Isa Gonzalez, Elkarrekin Podemos-IU: "Hizkuntza eskubideak bermatu egin behar dira"

Isa Gonzalez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Hainbat auzitegik euskara eskakizunen aurka hartutako neurriak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du hizkuntza eskubideak “bermatu” egin behar direla. Horrez gain, nabarmendu du ez duela “loturarik” ikusten epaitegiek hartu dituzten erabaki ezberdinen artean.

Bere esanetan, Gasteizko harrera zentroaren inguruan sortu diren diskurtso batzuk “arriskutsuak” dira “gizarte kohesionatua eraikitzeko”, eta “eredu deszentralizatuan” sinesten dutela dio. Era berean, ontzat jo ditu indarkeria matxistari aurre egiteko neurri berriak, baina nabarmendu du lanean jarraitu beharra dagoela hori ekiditeko.

Osasungintza ere izan du hizpide, eta nabarmendu du esklusibotasuna jartzearen alde daudela, horrek zerrenda luzeak murriztea ahalbidetuko lukeelako. Bere iritziz, osasungintza publikoa eta pribatua “nahastu” egiten dira “euskal ereduan”.

Legebiltzarkideak salatu du Hezkuntza Saila “urrundu” egiten dela Hezkuntza Akordioaren “espiritutik”, Hezkuntza Legean pausoak ematen dituen heinean: “Hezkuntza Legearen 1. zirriborroa ezagututa, urrun ikusten dugu gure jarrera horren aldekoa izatea". Zehaztu du beste zirriborro batzuk badaudela, baina beraiek ez dituztela ezagutzen: “Beste zirriborro bat eztabaidatzen edo adosten ari dira beste bi alderdiekin, baina gu kanpoan sentitzen gara. Hezkuntza Itunaren jarraipenaren mahaian parte hartzen ari gara, baina ez da aldaketarik proposatzen”.

Ustelkeria kasuez galdetuta, nabarmendu du EAJk 40 urte daramatzala gobernatzen, eta dio alderdi horrek uste duela administrazioa “bere propietatea” dela.

Alemaniak ‘Leopard 2’ tankeak Ukrainara bidaltzearen aurka agertu da; izan ere, bere iritziz, “guda bat ez da gelditzen arma gehiagorekin”, eta “diplomaziaren” aldeko apustua egin behar dela dio: “Eskala honetan, oso arriskutsua da armak bidaltzea”.

Madrilek hartu berri dituen neurri ekonomikoak positiboak direla dio, baina egiturazko neurriak hartu behar direla azpimarratu du: “Esku hartze publikoa behar da energiaren eta elikagaien merkatuan, ez da justua banaketa kate handiak janariaren espekulatzen ibiltzea”.