Zigor Ibarzabal Ikastolen Elkarteko Hezkuntza Arduraduna elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, ikastolen helburua euskara eta euskal kultura transmititzea izan zen bere jatorritik, eta nabarmendu du gaur egun ere horretan jarraitzen dutela: “Kalitatezko hezkuntza sistema eraikitzen jarraitzen dugu, gizarte justuago, solidarioago eta ekintzaileago bat sortu nahian".
Ibarzabalek azpimarratu du ikastolen oinarria “autogestioa eta autoeraketa” direla, eta beren komunitatearen eta familien parte-hartzea gakoa dela. Zentzu horretan, azpimarratu du familiek eta profesionalek daukatela ikastolen “orainaren eta etorkizunaren erabakimena”.
Curriculum-a “herri baten hezkuntza ereduarentzako dokumentu oso garrantzitsua” dela dio, horrek jasotzen dituelako hezkuntzarekin lotutako hainbat kontu, konpetentzien gaineko erabakiak edota edukien aukeraketa, esaterako: “Hori jasotzen duen dokumentua edo tresna da”. Hori horrela, dio euskal curriculum-a dela beren jardun pedagogikoaren “oinarria”: “Curriculum propio baten faltan, horretara gehien hurbiltzen den dokumentua daukagu eta hori hedatzeko lan egiten dugu egunerokoan". Hori horrela, azpimarratu du, ikastoletatik harago, hezkuntza sisteman “eragiteko” helburua dutela, eta dio sortzen dituzten baliabideak (ikas materialak, kasu) beste sareetako ikastetxeen eskura ere jartzen dituztela.
Garrantzitsutzat jo du tokikotasuna, eta dio errealitate “propio” bati begiratzen diotela, eta testuinguru hori eskaintzen dietela ikasleei. Testuinguru horren oinarria euskara eta euskal kultura dela dio, eta nabarmendu du ikas materialetan “euskaldun erreferente gaurkotuak” eskaintzen dizkiela ikasleei, “iruditegi propio batetik”.
Ibarzabalek azpimarratu du “erreferenteak” izan direla berrikuntza pedagogikoan, eta horrela izaten jarraitzen dutela: “Arreta handia jartzen diogu irakasleen eta hezitzaileen ahalduntze pedagogikoari".