GUREAN GAUR

Mikel Martinez: "'Ez dok ero' antzezlanean barre egiten dugu gure buruaz eta euskal munduaz"

Mikel Martinez aktorea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan, eta egun taularatzen ari diren ‘Ez dok hiru’ eta ‘Ez dok ero’ antzezlanak izan ditu hizpide, besteak beste. ‘Ez dok hiru’ antzezlanean euskal musikaren “benetako istorioarekin” jolasten dute, “benetakoa ez dena, faltsua”. Gidoiak oso testualak direla dio, eta asko jolasten dutela ironiarekin eta esaten dutenarekin: ”Publikoak ezagutzen ditu letren kantak eta umorea egiten dugu horrekin”.

Ez dok ero’ antzezlanean, berriz, “zoramenarekin” jolasten dutela dio: “Barre egiten dugu gure buruaz eta gizarte honetaz”. Bere esanetan, Patxo Telleriak sekulako “meritua” dauka, formatu berdineko oso gauza desberdinak sortzen dituelako.

Euskal kulturaren barnean, “zigilu propioa eta berezia” dutela dio: “Umorea egiteko era berezia, inteligentea eta ironikoa daukagu, eta oso ondo konektatzen dugu publikoarekin". Bere esanetan, euskal herritarrek euskararekin “disfrutatu” egin behar dute, eta “harro” sentitu behar dute euskaldun izateaz: “Hori da gure helburua”. Horrez gain, “ganberroak” direla dio, eta umorea egiteaz gain, “mezutxoak” ere bidaltzen dituztela.

Bere bakarkako lanen artean, Lutxo Egiaren ‘Hamalau’ testuarekin osatutako bakarrizketa aipatu du, eta ‘Lautan hiru’ antzerki jaialdian estreinatuko du datorren astean: “Egiaren testua brillantea eta kuriosoa da, eta komedia egiten du oso gai potoloarekin, suizidioarekin; hor dago kontrastea”.

Gaur egun, dio bere hastapenetan baino “zailagoa” dela arrakasta lortzea: “Gaur egun, profesional gehiago daude, oso gauza onak egiten ari direnak, eta lehiakortasun handiagoa dago. Euskarazko antzerkigintzaren egoera oso ona da, baina zenbait talde edo pertsonak esan dezake zailagoa dela aurrera egitea”.

Martinezek azpimarratu du 80-90. hamarkadan “militantziaz” jarduten zutela: “Oso prekarioan lan egiten genuen, baina ideal baten alde egiten genuen; euskaltzaleak ginen antzerkizaleak baino gehiago, eta geroago bihurtu ginen antzerkizale”.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.