Pilar Garaialde Egiari Zor fundazioko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, torturaren gaiari “erantzun eta konponbide integrala” eman behar zaio “berriro ere gerta ez dadin”. Garaialdek salatu du tortura “sistematikoki” aplikatu dela, eta hori “ahalbidetu” duen “estatu makineria” bat egon dela. Era berean, nabarmendu du tortura ez dela atxiloaldian hasi eta amaitzen den zen zerbait: “Bizitza osoan du eragina”.
Garaialdek hainbat eskakizun egin die instituzio publikoei: “Torturaren erabilera prozesala amaitzea, inkomunikazioa bertan behera gelditzea, hausnarketa sakona egitea polizia ereduaz, estatuko indar polizialek Euskal Herritik ateratzea, torturapean hil diren 14 lagunen berariazko aitortza, tortura sexistari heltzea, eta torturaren gaia memoria arloko politiketan sartzea”.
Egiari Zor fundazioko kideak gehitu du erreparazioa lortze bidean, egia ofizialaz gain, tortura “ahalbidetu” duten instituzioek, indar politikoek eta ardura izan dutenek publikoki aitortu behar dutela tortura aplikatu dutela eta egin diguten mina". Horrez gain, nabarmendu du estatuak “egiturazko” aldaketak egin behar dituela tortura errepikatu ez dadin, eta hori ahalbidetu duen “estatu makineria” hori desegin dadin.
Memoria Demokratikoaren Legea “ontzat” jo dute, baina nabarmendu du “efektiboa” izan behar duela, eta ikusiko dela hori nola egiten duten, legeak barnebiltzen dituelako 1936. urtetik gaur egunera arteko zaurituak, emakumeak, errepresaliatuak, eta boluntario internazionalistak. Horrez gain, garrantzitsutzat jo du belaunaldi gazteek zer gertatu den jakitea.