Jon Sampedro Basque Centre for Climate Change ikerketa zentroko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Ikertzailearen esanetan, “ez-ohiko gertaera” asko gertatu dira azken urteetan, eta horrek “kontzientzia klimatikoa” handitu du jendartean. Horrez gain, adierazi du erregai eta gasaren urritasunaren ondorioz argindarraren prezioa igo dela, eta horrek ere klima larrialdia “lehentasun sozial” bilakatu duela, eta instituzioak bultzatu dituela neurriak hartzera. Hala ere, neurri horiek “multidisziplinarki” hartu behar direla azpimarratu du.
Sampedroren esanetan, ingurumen inpaktuari “modu zabalean” erreparatzea garrantzitsua izango da trantsizio energetikoa egiteko. Zentzu horretan, dio trantsizio energetikoa ezinbesteko ardatza dela, baina badaudela beste lehentasun batzuk ere: lur edo basoen kudeaketa edota biodibertsitatearen babesa, besteak beste. Hori horrela, dio energia berriztagarrien “garapen masiboa” beste lehentasun horiekin “gatazkan” sartuko direla, eta zentzu horretan, ezinbestekotzat jo du ingurumen inpaktuaren azterketa.
Azken urteetako goi-bilerak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du horien “edukiak” aldatu egin behar direla “benetako konpromisoak” ikusteko. Egiptoko bilkura “aukera galdua” izan zela dio, ez zelako karbono dioxidoaren isurketak murrizteko neurririk hartu. Gehitu du bilkura horretan espektatiba handiak jarri zirela Afrikan egin zelako, baina nabarmendu du ez zela herrialde horien erresilientziarako diru laguntzarik onartu.
Erregai fosilei bideratutako diru lagunak “onartezintzat” jo ditu, eta nabarmendu du azken urtean %21 igo direla. Hori horrela, azpimarratu du “interes politiko eta klimatikoak gatazkan sartzen” direla.