GUREAN GAUR

Juan Mari Aburto: "Berdintasun mezua helarazi behar diogu gizarteari"

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bilbotik abiatuko den Tourra izan dugu hizpide, eta nabarmendu du “Tourrak Bilbotik atera nahi izateak zein Bilbok tourra bertatik atera nahi izateak erakusten duela eraikitzen ari diren hiri eredua oso erakargarria” dela.

Hori horrela, adierazi du turismoa handitu egin nahi dutela, baina turismoak "jasangarria" izan behar duela. Turismoarekiko begiradak "epe luzerakoa" izan behar duela dio, eta “zuhurtzia” eskatu die hotelei, egun horietarako prezio altuak jartzen ari direlako: "Bilbora etortzen denak errepikatzea nahi dugu".

Martxoaren 8rako egun gutxiren faltan, Aburtok nabarmendu du "berdintasun mezua" helarazten jarraitu behar dela gizartean. Zentzu horretan, "sentsibilizazio kanpainak" egiten jarraituko dutela dio, "puntu beltzak" identifikatzen, eta baita Bilbon "polizia gehiago" jartzen ere, emakumeak Bilboko kaleetan "libre" senti daitezen.

Bilbo hiri segurua dela azpimarratu du, baina beste hiri guztietan bezala "gauzak" gertatzen direla dio. Dena den, adierazi du segurtasuna lantzen ari direla, eta horren erakusletzat jo du Bilbon gero eta polizia gehiago egotea: "200 polizia baino gehiago dauzkagu, eta gero eta pertsona gehiago atxilotzen ari gara; polizia eraginkorra daukagu”. Horrez gain, auzo guztietan "segurtasun tailerrak" egiten ari direla adierazi du.

Jasangarritasuna hizpide, azpimarratu du gero eta espazio gehiago irabazten ari direla oinezkoentzat, eta autoentzako espazioak murrizten ari direla. Horrez gain, 'Medusa' proiektua ere izan du hizpide, eta dio proiektu horren helburua dela metroaren elektrizitatea erabiltzea beren hornidura lortzeko, autobusen hornidura elektrikoa lortzeko: "Era horretan, jasangarriagoak izan gaitezke, eta eraginkorragoak energetikoki". AHTaz galdetuta, nnabarmendu du AHTak lurperatuta iritsi behar duela Bilbora.

Aburtoren esanetan, herritarren "irisgarritasuna" da gehien kezkatzen dueneko bat, eta adierazi du igogailu gehiago behar direla.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.