GUREAN GAUR

Unai Urruzuno: "Gehiegizko turistifikazioak arazo sozial larriak eragiten ditu"

Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, apartamentu turistikoak eta hotelak irekitzeko baimenak emateari duela “denbora dezente” utzi behar zion Donostiako Udalak; izan ere, salatu du “arazo ugari” ekarri dituela “kontrolatu ez den turismoak”. Era berean, gehitu du EAJk eta PSE-EEk ez duela “benetako borondaterik” turismoaren alorrean esku hartzeko. Zentzu horretan, nabarmendu du turismoa gai “transbertsala” dela, eta horri aurre egiteko “proposamen politiko osoa” behar dela eta “modu integral eta orokorrean” landu behar dela gaia.

Azken egunetan Euskal Herriko espetxeetan izandako bi heriotzak hizpide, nabarmendu du badela garaia beste espetxe eredu bateranzko pausoak emateko. Hori horrela, azpimarratu du kartzela politika Espainiako Gobernuaren esku dagoela oraindik nahiz eta kudeaketa eskumena Eusko Jaurlaritzak izan.

Hori horrela, adierazi du “borondate politikoa” behar dela “giza eskubideetan oinarritutako” espetxe politika bat martxan jartzeko, eta horrelakoak gertatzen direnean “gardentasuna eta informazioa” bermatu behar direla dio. Adierazi du espetxe politikak hiru ezaugarri jarri behar dituela erdigunean: "Espetxea berez da punitiboa, justizia errestauratiboaz hitz egin behar dugu, eta giza eskubideen errespetua bermatu behar zaie bertan daudenei; hori inkuestionablea da".

Urruzunok azpimarratu du ”soberania eta demokrazia” jarriko dituztela erdigunean apirilaren 9ko Aberri Egunean, eta adierazi du beren borondatea dela pasa den legegintzaldian estatus politikoaren inguruan egindako lanketari jarraipena ematea. Salatu du, ordea, Eusko Jaurlaritza ez dela eduki beharko lituzkeen eskumen guztien jabe, eta adierazi du horien lorpena legeei lotuta egon beharrean, indar korrelazioei lotuta egoten direla.

Urruzunoren esanetan, sektore publikoak “ekintzailea” izan behar du: “Argi jakin behar dugu nora joan nahi den, eta horretan eragin behar du sektore publikoak; inbertsioak benetakoa izan behar du ikerketan eta garapenean”. Gehitu du “neurri neoliberalei aurre egingo dien beste enpresa eredu bat” behar dela.