GUREAN GAUR

Ana Mezo, Pentsiodunen Mugimendua: "Oso parte hartze handia izaten ari da itxialdia"

Ana Mezo eta Iñaki Elduaien Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideak elkarrizketatu ditugu Gurean Gaur magazinean Bilbon egiten ari diren itxialdi-baraualdia aitzakia hartuta.

Mezok azpimarratu du jende asko ari dela parte hartzen mobilizazioan, eta Euskal Herriko zein Espainiako Estatuko hedabideak ere bertaratu direla nabarmendu du: “Harrera ona izan du ekimenak, bai pentsionistengandik, eta baita hedabideengandik eta estatuko beste herri batzuetako pentsionisten partetik ere”.

Elduaienek adierazi du bost urte hauetan ekimen ugari egin dituztela, baina salatu du ez dietela “kasurik egin”. Aipatu du aurten bosgarren urteurrena ospatu dutela, “alaitasunez”, eta pentsatu zutela beste “ekarpen” bat egin behar zutela aurten; hortik ailegatu zen itxialdiaren ideia.

Mezok nabarmendu du pentsionisten egoera “larria” dela; zehazki, adierazi du guztira 200.000 pentsionista 800 eurotik beherako pentsioa kobratzen ari dela, eta horietatik 154.000 emakumeak direla. Mezok nabarmendu du Hego Euskal Herriko gobernuek pentsioa osagarritzeko aukera dutela: “Dirua egon badago, baina borondatea falta da”.

1.080 euroko gutxieneko pentsioa da beren aldarrikapen nagusia, baina badituzte gehiago ere, “beren borroka etorkizuneko gazteen borroka” delako. Hori horrela, Mezok nabarmendu du gaur egungo enpleguak “duina” izan behar duela etorkizuneko pentsioak duinak izan daitezen. Genero arrakala ere izan du hizpide, eta aipatu du lanbide feminizatuetan ari den gehiengoa emakumeak direla: “Gauzak errotik aldatzen ez badira, emakume horiek gaur egun baino are okerrago egongo dira etorkizunean”.

Espainiako Gobernuaren pentsio erreforma izan du hizpide, eta salatu du “zantzu positiboak” baldin badaude ere, “ez dituztela kontu garrantzitsuenak mahai gainean jarri”. Egoera ikusita, borrokatzeko deia egin du Elduaienek: “Egoera oso larria da; izugarrizko murrizketak gertatzen ari dira azken urteetan, eta ez gara lortzen ari behar den erantzuna ematen". Horren aurrean, ezinbestekotzat jo du eragile sozialek indarrak biltzea.