GUREAN GAUR

“Udazkeneko grebara begira proposamen propioak eztabaidatzeko gunea izango da Baterajotzea”

Euskal Herriko neska* gazteak elkartzeko Baterajotzea egingo dute urriaren 13tik 15era Usurbilen. Uma Ulaziaren esanetan, aurtengo ekimenaren helburua izango da udazkeneko greba feminista orokorrerako proposamen propioak sortzea: “Neska gazte gisa, greba antolatzeko espazio propioak behar ditugu, gazte bezala modu espezifikoan zeharkatzen gaituelako zaintzak, eta egun horiek baliatuko ditugu proposamen propioak eztabaidatzeko, Euskal Herria feminista irudikatzeko eta erresistentziak eta alternatibak irudikatzeko”.

Ulaziak nabarmendu du mugimendu feministak mobilizazio gaitasun handia erakutsi zuela Martxoaren 8an, eta nabarmendu du eta gero eta herri auzo gehiagotan antolatzen dela mugimendu feminista: “Pandemiaren ondoren lortu dugu mugimendua indarberritzea, eta hori positiboki baloratzen dugu”. Horrez gain, azpimarratu du Martxoaren 8ak balio izan duela zaintzaren alorrean mugimendu feministak dituen salaketak eta aldarrikapenak plazaratzeko.