GUREAN GAUR

Naiara Goia, Arantzazulab: "Azpimarragarria da demokraziak jaso duen babes zabala"

Naiara Goia Arantzazulab Gizarte Berrikuntza Laborategia zuzendaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan, ‘Demokraziari buruzko ulermenak gurean’ ikerketa hizpide hartuta.

Goiak nabarmendu du ondorio nagusiak atera dituztela soilik, eta horiek guztiak aletu behar dituztela orain. Nolanahi ere, Goiak jendartean demokraziak jaso duen “babes zabala” azpimarratu du, eta adierazi du hamar herritarretatik bederatzirentzat “sistema gustukoena” delako demokrazia. Azpimarratzeko modukoa iruditu zaio ikerketa eredua bera, Hego Euskal Herriko hiru unibertsitateekin elkarlanean egin baitute ikerketa lana: EHUrekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Deustorekin.

Goiaren esanetan, ikerketa honekin mahai gaineratu nahi izan dute euskal herritarren pertzepzioak zeintzuk diren demokraziari lotuta: “Atsekabe politikoa edo herritarren desafekzioa pil-pilean dauden garaian, aztertu nahi genituen zeintzuk diren euskal herritarren ulerkerak demokrazia sistematzat hartuta”.

Datozen hilabeteetan, datuak gurutzatzen eta segmentatzen jarraituko dute horien esanahia hobeto ulertzeko, eta ondorio sakonagoak ateratzeko. Horrez gain, mintegi sorta bat abiatuko dute interesa duen edonorekin, eztabaida, ezagutza eta interesa zabaltzeko.

Goiak azaldu duenez, beren egiteko nagusia “lankidetzazko gobernantza eredua” hedatzea da; izan ere, bere esanetan, erronka globalei tokitik erantzuteak “eraginkortasuna” eta “jasangarritasuna” areagotzen du, eta bide horretan, ezinbestekotzat jo du “gizarte zibilaren eta erakundeen arteko sareak indartzea”. Horretarako, “sare eta praktika berritzaileak” sustatzea da beren xedea, eta horixe bera izan da duela gutxi antolatu duten 'Nazio Txikien Aliantza' topaketaren helburua, besteak beste: “Aztertzen dugu harreman eredu eta gobernantza eredu berriak nola lurreratzen diren eta artikulatzen diren eragile ezberdinen artean, eta horrek, ezinbestean, berrikuntza dakar”.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.