Garikoitz Goikoetxea UEMAko teknikaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Nastat Nafarroako Estatistika Institutuak 2021eko euskararen ezagutza datuak zein VII. Inkesta Soziolinguistikoko datuak aztertu ditugu berarekin.
Goikoetxearen esanetan, euskararen ezagutza igotzen ari da Nafarroan, baina ohartarazi du Euskararen Legeak nabarmen galgatzen duela hazkunde hori; izan ere, Nafarroako herritarren biztanleen gehienak eremu mistoan edo ez euskaldunean bizi dira, eta ikasle gehienek G ereduan ikasten dute.
VII. Inkesta Soziolinguistikoak jasotzen duenez, udalerri euskaldunetan bizi diren herritarren %85a euskara sustatzearen alde dago, eta Goikoetxeak azpimarratu du horrek “orubea” jartzen duela hizkuntza politika “aurreratuagoak” egiteko. Goikoetxeak azpimarratu du estuki lotuta dauden aldagaiak direla, ezagutza, erabilera, hizkuntzaren transmisioa eta testuingurua ere: “Gaitasunarena oinarri bat da, uztartu behar dena euskaraz jarduteko beste testuinguru batekin. Inguru erdaldunetan ezagutzak gora egin du, baina erabilerak ez, egiturazko arazoak daudelako".
Udalerri euskaldunetan, bi joera nagusi daudela azaldu du Gari Goikoetxeak; alde batetik, adierazi du erdalduntzen ari direla udalerri euskaldunenak, eta “konbergentzia” bateranzko bidea ikusten dela; alegia, udalerri euskaldunak erdalduntzen ari direla, eta udalerri erdaldunenak euskalduntzen. Zentzu horretan, Goikoetxeak garrantzitsutzat jo du udalerri euskaldunak zerbitzu publikoz hornitzea, herri horiek bizigarri izan daitezen: “Udalerri euskaldunek bizigarri izan behar dute; herrietako gorabehera demografikoek eragina oso nabarmena dute hizkuntzaren egoeran".
Goikoetxeak azpimarratu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezagutzaren unibertsalizazioa iristen ari dela, eta nabarmendu du horrek aukera berriak jarri dituela mahai gainean. Hala ere, azpimarratu du “hutsunerik” handiena 50 urte inguruko adin tartean dagoela, eta zentzu horretan, nabarmendu du helduen euskalduntzean inbertsio handia egin behar dela oraindik.
Era berean, Goikoetxeak garrantzitsutzat jo du tokian tokiko irakurketak egitea, tendentziak ez direlako berberak leku guztietan, eta hizkuntza politikan ere egokitzapenak egin beharko direlako tokian tokian. Horrez gain, euskara transbertsalki landu behar dela dio: "Hizkuntza politika administrazioko sail guztietan egiten da; zeharkakotasuna landu behar dugu".
Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.