Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Azken hilabeteetako “oldarraldi judiziala” salatzeko manifestazioa deitu dute azaroaren 4rako; izan ere, salatu du epai horien bidez milaka herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko araudiak “baliogabetzen” ari direla, eta gehitu du hizkuntza politika “ausartagoak” egin nahi dituzten Administrazioetan “beldurra” sortzen dutela, “kontserbadore jokatzeko arriskua” eragiten duela, alegia.
Oldarraldi judizialaz gain, “oldarraldi mediatikotzat eta politikotzat” jo du gertatzen ari dena, eta dio sektore politiko batzuk botoak “arrantzatzeko” bide gisa ikusten dutela hizkuntza politika. Zentzu horretan, nabarmendu du lan eskubideen barnean sartu beharko litzatekeela, besteak beste, euskaraz lan egiteko eskubidea.
Adierazi du diskurtso batzuek esaten dutela hizkuntza eskakizun horiek sektorerik zaurgarrienak kaltetzen dituztela, eta “apelazio zuzena” egiten zaiola migrazioari. Eskisabelek salatu du, ordea, Euskal Herrira datozen pertsona horietako asko euskararik zein gaztelaniarik gabe datozela, eta inork ez duela “auzitan” jartzen pertsona horiek administrazio publikoan lan egiteko gaztelania jakin behar dutenik.
Espainiako zein Frantziako Estatuetako legeen ondorioz, Eskisabelek azaldu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako lege batek ezin duela “erabateko blindajea” eskaini; nolanahi ere, adierazi du biderik “gotorrena” dela Kataluniako edo Galiziako bidetik jotzea, enplegu publikoan sarbidea izateko bi hizkuntza ofizialen ezagutza eskatzea, alegia. Gehitu du mobilizazio sozialak bultzatu behar duela “blindaje” hori.
Epai horien aurrean, instituzioek hartutako jarrerari dagokionez, Eskisabelek ontzat jo du helegiteak jartzea, horrek “gauzak ondo egiten ari direnaren konbentzimendua” esan nahi duelako. Hala ere, “zuhurtzia” ikusten dute adierazpenetan, eta nabarmendu du “kontzeptu argiagoak” erabiltzea nahiko luketela; dena den, “kezka” egon badagoela uste du.
Hezkuntza Legearen aurreproiektua “lausoa” dela uste du Eskisabelek; “ontzat” jo du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean, ikasleek euskarazko B2 maila izan behar dutela jasotzea, baino hori kanpo ebaluazio baten bidez neurtu beharko litzatekeela uste du. Horrez gain, uste du legeak hizkuntza eredu bakarra jaso beharko lukeela, euskarazko ikas eredu orokortua.