GUREAN GAUR

Ainize Gastaka, EH Bildu: "Udaletik aktibatuta dagoen jende hori bultzatzen jarraituko dugu"

Ainize Gastaka Laudioko EH Bilduko alkategaia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, “nahiko gogorra” izan da legegintzaldi hau oposizioarentzat zein herritarrentzat: “Informazio eskasa izan dugu, eta udala oztopo bilakatu da herrian bizitza sortzen duten eragileentzat”.

Gastakak azpimarratu du “epe luzera” begirako programa egin dutela, “epe luzerako proiektuak” dituztelako. Hori horrela, azpimarratu du “erdigunean” jarriko dutela herritarren parte hartzea, “benetan baliogarria izan dadin”.

Ekonomiari dagokionez, Gastakak interesgarritzat jo du enpresen dibertsifikaziora jotzea, “enpresa traktoreen menpe ez egoteko”. Gehitu du Laudioko hiltegia itxi dutela “ezagutzen ez diren arrazoiengatik”, eta dio horrek nekazarien egoera “larriagotu” duela. Horren aurrean, lehen sektoreari irtenbide “eraginkorra” eman behar zaiola dio.

Gastakak ekobulebarra proiektua izan du hizpide, “etxebizitza” eta “zaintza” barne hartuko dituen proiektua: “Ekobulebarrean bestelako bizitza moldeak egin nahi ditugu, pertsonak erdigunean jarriz". Kulturari dagokionez, nabarmendu du herriaren erdigunean “espazio polibalente” bat sortzea planteatzen dutela formatu handia exijitzen duten kultur eskaintzarako.

Gastakak azpimarratu du udalean “zeharkakotasunez” txertatuko dutela euskara, eta dio “harriduraz” hartu duela Euskalgintzaren Kontseiluak proposatutako konpromisoak sinatu dituen zerrendaburu bakarra izan dela jakitea.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.